Konjurazio edo babes kolektiboko elementuak behin eta berriz erabili izan dira denboran zehar, eremu geografiko zehatzen edo hurbileko ingurune sozialen arabera (familia, lagunak, auzoak, etxeak, jabetzak, etab.); eta fenomeno atmosferiko txarren, etsai gaiztoen eta haien ekintza beldurgarrien edo jainkozko zigorren eta zori txarreko boladen sinesmenekin lotuta. Elementu babesgarri horiek altueran jarri izan dira, gizatalde osoak babesteko batzuk (kanpaiak, gurutzeak, haize-orratzak, ermitak eta horietako irudi erlijiosoak, enborrak edo zuhaitzak, suak, etab.), eta bizilekuak zaintzeko beste batzuk (eskuak, atzaparrak edo hankak, ura, landareak, motibo erlijiosoak, gurutze fisikoak eta margotutakoak edo Jesusen Bihotza jartzea, etab.).