Joan den urriaren 21ean, Europako Ondare Jardunaldien barruan, Ermitak busturiarren alkargune eta aterpe izeneko bideoa aurkeztu zen Altamirako Kulturetxean. Hurrengo egunean Juanjo Hidalgo arkeologoaren eskutik bisita gidatua egin genuen herriko ermita guztietara joanda.
Lehengo bizimoduan, etxea izan da familiako bizitzaren ardatza; eta era berean, auzoa gizartearena. Auzoak etxe-multzoak dira, elkarren artean arazo handiagoei aurre egin ahal izateko sortutakoak. Horregatik, auzotarren harremanak estu-estuak dira, sarritan odoleko familiarenak baino estuagoak.
Bizkaiko Jaurerriaren antolakuntza administratibo eta politikoan elizateak garrantzi handia izan du, baina maila txikiagoko beste erakunde batek ere funtsezko egitekoa izan zuen, batez ere landa-eremuko zenbait lekutan, esate baterako Durangaldean eta Arratian: auzo kofradia da erakunde hori.
Kasu honetan, kofradia terminoak ez dauka esanahi erlijioso edo gremialik; zehatz esanda, auzoko etxe edo familia multzo baten antolakuntza administratiboaz arduratzen den erakundea da, bere helburua beharrizan komunalei erantzun egokia ematea izanik. Udal administraziotik aparteko funtzionamendu-erregimena dauka, baina erabakietako batzuk udal mailan hartu behar izaten dira derrigor. Ziur aski, kofradiak elizateak baino lehenago sortu ziren.
Euskarazko lor hitzak zenbait adiera ditu; horien artean, garraioa eta zama. Familia batek, hainbat arrazoi zirela medio, auzoen laguntza behar zuenean erabiltzen zen bereziki. Egoera horretan erabiltzen ziren, halaber, toto eta totoaren hitzak.
Norbaiti artaldea osatu edo ugaritzeko premia sortzen bazitzaion, izurri baten eraginez abereak hil zitzaizkiolako, ardi bana eskatzen zien inguruko artzainei, baita haiek berehala eman ere. Oizko mendilerroa inguratzen duten herrietan, bildots-lorra deritzo ardiak emateari. Beste eskualde batzuetan ere bazuten ohitura hori, izen berezirik ez bazuen ere.
Euskaraz, auzokoek, elkarlanean, guztiei eragiten dieten lanak egiten dituztenean, auzolanean ari direla esaten da. Garai batean ohikoagoak ziren halako zereginak, foru-aldundiek eta udalerriek premia gutxiago betetzen zituztelako; izan ere, gaur egun aurrekontu handiagoak dituzte. Auzokoek nahitaez eman beharreko laguntza zen, guztien onurarako lanak eta zerbitzuak egiteko. Araban ere ezagutzen eta egiten da, baina han, gaztelaniaz, vereda esaten zaio. (gehiago…)