Gurutzearen irudikapena, Jesukristoren Pasioaren garrantzizko osagai gisa, oso presente dago erlijio kristauaren eremuan, eta haren sinbologia tradizionala (komunitateen, elkarrekin bizi diren familia unitateen, pertsonen, animalien edo jabetzen zeinu babeslea) islaturik dago gurtza zentroetako tailu elizkoietan, oheburuetan edo betiereko atsedenaren ohatzeak zaintzen. Margotuta jartzen da ate eta leihoetan, hainbat landare espeziez egina edo osatua edo, modu enblematikoan, kristautasunaren keinu aipagarri gisa egiten da.
Kultura guztiek lotura estua izan dute beren ingurune naturaleko zuhaitz, zuhaixka edo landareekin, beren ohituren ikurtzat dituztelako, sukaldaritzan edo medikuntza prozesuetan erabiltzen dituztelako edo sorkuntza artistikorako edo eskulangintzako apaingarrietarako inspirazio iturri eta eredu direlako. Elementu natural horietako bat da ereinotza edo erramua. Udaberri hasieran loraldi betean egoten da, Erramu Igandez bedeinkatu eta erakusteko prest. Gertaera edo ospakizun erlijioso horrek Jesu Kristo astotxo baten gainean Jerusalemen sartu zeneko Bibliako hotsandiko pasartea sinbolizatzen du, harrera egin baitzion Mediterraneo inguruko jendetzak olibondo adar eta palmondo adarrak astinduz. Atlantiko aldean, ordea, ereinotza da ezaguna, ustezko propietateengatik, tximisten kontrako babesagatik eta elikagaientzako ongailu aromatiko gisa, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du gure kultura tradizionalaren memoria kolektiboan. Isipu modura erabili izan dute apaiz katolikoek (ur eta gatz bedeinkatuarekin batera) pertsonak, animaliak, soroak edo itsasoko ur haserreak, etxaldeak nahiz komunitateak bedeinkatzeko.
Erramu sorta txiki bedeinkatu eta babes pertsonalerako kutun gisa, oheburuetan izaten ziren gurutzeetan jartzen zuten, edo logeletako ur bedeinkatuaren ontziari lotzen zitzaion, eta, batzuetan, haren hosto iraunkorraren zati txiki bat gordetzen zen kutunak egiteko edo otoitz liburuko orrien artean tartekatzeko. Halaber, etxea edo mendiko txabolak, itsasontziak eta haietan dabiltzanak babesten ditu, eta sorta txiki bat jartzen da ate edo ateburuan, balkoian, ukuiluetako sarbidean edo itsasontzietako aginte-zubiaren gainean. Erramu Igandeko bedeinkapenaz geroztik (kasu batzuetan, Maiatzeko Gurutzean egiten da), landetan jartzen dira ereinotzez apaindutako hurritzezko gurutzeen kargak (txola edo galtzu deituak), landare-babesgarri zaharrak ordezkatuz; hain zuzen ere, San Joan gaueko sutan erretzen dira babesgarri zaharrak.
Kontuan hartu beharra dago udaberriko garai horretan ontziak itsasora ateratzen direla, soroak ereinda daudela eta ohikoak izaten direla nekazaritzako izurriak, abereen gaitzak eta ezusteko eguraldi fenomenoak (izozteak, kazkabarra edo txingorra, lehorteak edo bat-bateko ekaitz suntsitzaileak). Eta gauza jakina da gertaera horiek gabezia, gosetea, izurritea, heriotza eta hondamena ekarri ohi zituztela garai batean. Bestalde, erabilera ugari eta askotarikoak ematen zitzaizkion ereinotzari sendagintza tradizionalean. Eta elementu sinboliko edo ohiturazkoa da sagardo edo txakolin upelak dastatzeko sasoia hasteko ekitaldietan: erramu sorta bat jartzen da establezimenduan edo etxean, eta zenbait adar edari horiek ekoizteko eta kontsumitzeko tokiaren inguruetan. Azkenik, aipatzekoa da eraikin edo egitura bat amaitutakoan, langileek ereinotz sorta bat jartzen dutela goreneko puntuan, lana amaitu izanaren seinale eta elementu babesgarri modura.
Zalantzarik gabe, interpretazio sinboliko eta interesatua egiten zuten talde tradizionalek beren testuinguru naturaleko animalia, landare eta mineralez. Hain zuzen ere, eguneroko bizitzaren edo komunitate bizitzaren arabera sorturiko premiei egokituriko esanahi mitiko edo errituala egozten zieten, eta ohiturak egiaztatutako eta ahoz edo idatziz transmititutako herri-jakintzaren mailara igotzen zituzten. Eta kultura guztietan ezaugarri konstantea da landare elementuak –hala nola erramua– ezbeharrei, balizko arriskuei eta sortutako beldurrei kontrajartzea.
Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa
Gure arbasoentzat, ekaitza zen indarkeria atmosferikoaren agerpenik arruntena, ezagunena eta beldurgarriena: etxea, ganadua, uzta edo pertsonen bizitza bera arriskuan zeuden ekaitza agertzen zenean.
Konjurazio edo babes kolektiboko elementuak behin eta berriz erabili izan dira denboran zehar, eremu geografiko zehatzen edo hurbileko ingurune sozialen arabera (familia, lagunak, auzoak, etxeak, jabetzak, etab.); eta fenomeno atmosferiko txarren, etsai gaiztoen eta haien ekintza beldurgarrien edo jainkozko zigorren eta zori txarreko boladen sinesmenekin lotuta. Elementu babesgarri horiek altueran jarri izan dira, gizatalde osoak babesteko batzuk (kanpaiak, gurutzeak, haize-orratzak, ermitak eta horietako irudi erlijiosoak, enborrak edo zuhaitzak, suak, etab.), eta bizilekuak zaintzeko beste batzuk (eskuak, atzaparrak edo hankak, ura, landareak, motibo erlijiosoak, gurutze fisikoak eta margotutakoak edo Jesusen Bihotza jartzea, etab.).