Tradizioa etengabe mugitzen den kontzeptua dela onartzen badugu, nahi dugun lekurantz ez dela beti abiatuko ere onartu behar dugu. Hori bai, gu tradizioaren partaide eta eragileak baldin bagara, tradizio horren garapenean dugun erantzukizunaz jabetu beharko ginateke. Egiten dugunak, modu batez edo bestez, etorkizunean izanen dugun tradizioan eragina dauka.
Dantza tradizionalak emeki, baina gelditu gabe, aniztasunetik urrunduz bateratzearen norabidea hartu du. Nire ustez, garapen horrek ondorioak ditu, eta ondorio horiek positiboak edo negatiboak dira; askotan, ondorio horiek aztertzen dituenaren arabera.