Sukaldea —edo ezkaratza, Gernikaldean diogunez— izan da eta oraindik ere bada etxearen bihotza, eta sukaldeko sua bihotz horren bizigarri. Funtsezkoa zen etxekoen janaria prestatzeko, bai bizilagunena bai piztiena, eta etxea berotzeko ezinbestekoa. Suaren ingurumarian ematen ziren ordurik gozoenak; hainbeste bizipen eta istorio zahar kontatzen ziren bertan, eta ezagutzak ere hantxe transmititzen ziren belaunaldiz belaunaldi.
Baserrietako beheko sua eraikitzeko, hiru aldeko markoa behar izaten zen, gaztaina-zurez edo haritz-giharrez egina. Bazterreko bi aldeak hormari josten zitzaizkion, eta hirugarrena horiei biei. Irmo eta sendo finkatu beharra zegoen, eror ez zitezen. Barrualdea adreiluz eraikitzen zen, trenkadak egiten diren bezalaxe. Oinarria, aldiz, burdinurtuzkoa zen, landua izanez gero, okertu egingo litzatekeelako, bestela; eta sukaldeko zola baino goratxoago muntatzen zen. Atzealdeko txapa ere burdinurtuzkoa izaten zen gehienetan, edo hareharrizkoa inoiz, irudi erlijioso edo profanoz apainduta, esaterako Gernikako Arbolaz.