Bizkaiko herri euskaldunetan, familiari deitzeko gehien erabilitako hitza etxekoak da, nahiz eta hitz polisemikoa izan. Familia hitzak, gehienetan, ondorengoei egiten die erreferentzia: “Familia euki dabe”. Senideak odoleko ahaideei dagokie, eta erantsiak, berriz, kanpotik iritsitakoei.
(gehiago…)
Bizkaiko baserrietan, tradizioz, nekazaritzan, abeltzaintzan edota, maizago, bi eginkizunetan aritu izan dira. Hegoalde, ekialde edo hego-ekialderanzko orientazioa izan ohi dute; hots, eguzkiari begira, beroaz eta eguzkiaren argiaz ahalik eta gehien gozatzeko. Funtsean, bi eredu daude: bata, oinplano zabalagokoa eta altuera txikiagokoa, nekazaritzaren alorrekoa izaten dena; eta, bestea, azalera txikiagokoa eta altuera handiagokoa, abeltzaintzaren ingurukoa gehienbat.
Lehenengo eredua lurraldeko eskualde zabaletan aurki dezakegu: Busturialdean edota Durangaldean. Etxeek beheko solairua eta beste bi maila izan ohi dituzte. Atari zabala (atartea) daukate, eta beheko solairuan, sukaldea (ezkaratza), ukuilua (kortea) eta helduentzako gela daude. Bigarren solairuan, jangela (salea) eta logelak daude. Goialdean, ganbara (kamarea) dago, nahiz eta tamaina txikiko beste gela bat ere izan dezaketen. (gehiago…)