Bertako taldeek egiten dituzten dantzak sailkatzeko, “dantza tradizionala” edo/eta “euskal dantza” izendapena erabili ohi da. Baina ez da beti hala izan, beti hala izan ez den bezala dantzak egiteko modua, mendez mende iraun duten urratsen eta irudien egiazkotasuna eta, horri lotuta, zurruntasuna defendatzeko ahaleginak ahalegin.
Egia da oraindik ez garela guztiz libratu COVID-19 izen arrunta duen birusetik (eta haren aldaera amaigabeetatik), baina ziurtzat jo dugu pandemia iraganeko amets gaizto bat dela. Alabaina, denbora-tarte labur samarra iraun duen arren, eragin handia izan du gure bizitzetan, bizialdiaren zati handi bat kalean egiten duen gizarte honetan, zeinetan gizakien arteko zuzeneko harremanak garrantzi handia duen.
Pandemia 2020ko martxoan ofizialdu zen herrialde honetan, eta murrizketa gogorrak ekarri zituen. Ondorioz, hasteko, asteburuetako eta jaiegunetako aisialdia, eta ospakizunen eremua osatzen duten era guztietako ikuskizun, ospakizun eta elizkizunak erabat edo, kasu batzuetan, partzialki eten ziren.