Euskaldunon egutegian, ondo markatutako data da irailaren 29a, Done Mikel ohoratzen baita, gure zaindaria, zeruko goiaingeruen artetik ezagunena eta gudazaleena.
Baina, era berean, data hau ezaguna zen zituen ondorio praktikoengatik, herri-kulturan nekazaritza urtearen amaiera mugatzen zuen zedarria zelako. Beste modu batera esanda eta denboran atzera eginez, uda eta udazkena mugatzen dituen ekinokzio astronomikoari dagokion ospakizun kristautua da.
Horregatik, egun horretan, toki askotan, hasiera eguna izaten zen herri-basoetan orbela edo iratzeak biltzen hasteko, neguko larreetan artaldeak sartzeko, burdinola edo elur-zuloen egokitzapen lanak hasteko; errotak, tabernak edo etxebizitzak alokatzeko kontratuak berritzeko. Edo, beste bitxikeria batzuen artean, herrietako kargu publikoak berritzeko.