Landareek eta zuhaitzek presentzia handi eta etengabea izan dute nekazari-gizarte tradizionaletan. Bereziki, izaera esanguratsua eta kutsu komunitario edo profilaktiko bizia duten zuhaitzek. Horiek udaberriko sasoian, balizko uztaren babesleak dira; eta uda garaian, berriz, beren presentzia bereziak agerian uzten edo gauzatzen duen uzta-biltze arrakastatsuaren oroigarri izan daitezke. Testuinguruotan, maiatzeko arbola edo jai-arbola deiturikoak (San Joaneko zuhaitza edo makala, Donienatxa, etab.) ohikoak izan dira eta izaten dira.
San Joan edo Donibane egun seinalatua dugu gure herri egutegian. Horregatik, Gurutzi Arregiren artikulu hau berreskuratu dugu, 2016an argitaratua.
San Joan Bataiatzailearen egunean, egunsentitik eta eguzkia ateratzen den arteko tartean, ohitura da etxeetako eta santuari eskainitako ermitetako ateetan haritz edo lizar adar bat jartzea, belarrez eta lorez egindako sortatxo batez apaindua. Garai batean, sortatxo horrek galburuak ere izaten zituen. Adarraren zurtoinean, bestalde, ezpal zuritu bat jartzen zen, gurutze tankerako bat osatuz. Udako solstizioaren ikurra da, eta sanjuan-haretxa esaten zaio.