Maiatzaren lehen egunean edo Gurutze Santuaren egunean (maiatzaren 3an) haur koadrila ugari dago kalean. Ohiturazko arropaz jantzita, kartulina edo kartoizko mitra pontifikalak buruan, apaingarri modura. “Aingerutxo”, “santu txiki” edo hil-oihalez apaindutako gurutze ñimiñoa daramate angarila baten gainean. Abesten ibiltzen dira, behin eta berriro errepikatzen dute kantu bat a capella, erremusina eskatzen duten bitartean. Hori da Balmasedako sanfelipeen jai-ospakizunaren oinarria. Eta aurten, 2023an, 150 urte betetzen dira Los Niños Revista de Educación y Recreo egunkarian ohitura berezi eta bitxi horri buruz argitaratu zen lehen testigantza jaso zenetik (Madril, 1873ko maiatza).
Lanari zeharo kontrajarrita, aisialdia eta jaia ditugu. Jai-egutegi guztiak daude eremu publikoaren eta pribatuaren inguruan elkartzen diren ospakizunez beteta; horietan, iraganeko elementuak sortu berriekin nahasten dira.
Udazkena, urtaroa eta zikloa, santutegian erabat txertatuta dagoen San Migel egunean hasten da, Artzentales eta Sestaon, besteak beste, azaroari atea irekiz. Hil horren hasieran Halloween dugu; inportatua, bai, baina ez dugu ahaztu behar antzina gure artean ere kalabazak husten zirela bizilagunak beldurtzeko asmoz. Domu Santu eta Arimen egunetan, ohikoa da familiartekoak eta lagunak hilerrietara joatea, loreak eta koroak hilobietan ipintzeko, izatez kanpoko “tradizioa” bada ere.