Kanpaiek eta haien ordezko beste soinu-elementu batzuek eta haien hotsak, tradizioz, eguneko uneak markatu izan dituzte (ordu kanonikoak edo ordu astralak), baita ospakizun historikoak eta gertakari puntualak, gertatutako albisteak eta berehalako arrisku posibleak ere. Eta horixe gertatu da, mendez mende, hala gizatalde zibiletan nola erlijio-komunitateetan.
Hain zuzen ere, Cácereseko Jerteko haranean eta Hurdes eskualdean eta Salamancako Sierra de Francia mendizerran (La Alberca eta Mogarraz) erritual bat egiten dute egunero, ilunabarrean, eta arimen deia izena du. Erritual horretan, emakume batek (arimen neska) ibilbide bat egiten du ilunabarrean, ezkila baten soinuan, Errege kalean behera. Inori hitzik eta agurrik egin gabe joaten da, eta ez da gelditzen. Purgatorioan dauden arimengatik otoitz bat errezitatu edo xuxurlatzen du, bidegurutze eta plazetan ezkila isilduz, eta jendeak burua estalgabetzen du edo aitaren egiten du hura aurretik igarotzean. Jatorriz XVI. mende inguruan sortu eta Penintsula osoan oso zabalduta zegoen Arimen Kofradiarekin lotura duela uste da. (gehiago…)