Lexikoa
Trilogia honen akaberarako utzi dugu lexikoa. Lexikoaren transmisioa sano interesgarria izaten da kontaktuan dauden hizkuntzen artean. Hiru eratako berbak bereiz daitezke. Lehenik, hizkuntza hartzailean egon ez eta hizkuntza emaletik hartzen diren hitzak leudeke. Kasuon, gaztelaniaz ez dauden gauzen, ideien edo kontzeptuen izenak euskaratik hartzen dira, egokitzapen fonologiko-fonetikoak eginda, adibidez, calderapeco. Hitz arruntak ere har daitezke, egunerokoan duten maiztasun handiak eraginda. Bigarrenik, hizkuntza hartzailean lehendik zeuden zenbait hitz egokitu egiten dira, baina ez soilik fonetikoki, ezpada morfologikoki, sintaktikoki edo semantikoki ere, hibrido xelebreak sortuz, adibidez, erderacaso. Hirugarrenik, hitz berriak ere sortzen dira, inongo hiztegietan agertzen ez direnak, adibidez, chirene. Baina asko da berbarik. Goazen, luzatu barik, euskaratik etorri arren XIX. gizaldiaren amaierarako Bilbo inguruko gaztelanian txertatuta zeuden hitz horietako batzuk ezagutzera, bai eta harreman linguistiko horretatik sortu ziren beste zenbait ere. (gehiago…)
Euskarakadak izeneko artikuluaren lehenengo atalean fonetika kontuak izan genituen berbagai; bigarren honetan, berriz, morfojoskera arloari oratuko diogu.
Zertaz arituko garen jabetzeko, aski litzateke gogoratzea zelan egiten zuen berba Koldo Zugasti pertsonaiak (Karra Elejalde aktoreak) Ocho apellidos vascos filmean: «Siempre me acordaba del cumpleaños tuyo; pero tampoco llamarte no iba a hacer, porque lo mismo igual te ponía incómoda o así…». (Beti gogoratzen nuen zure urtebetetzea, baina deitu ere ez nizun egingo, zer agian inkomodatuko zintudan edo!).
Euskara, ezagutzen dugunetik behintzat, hizkuntza txikia dugu hiztun kopuruari eta erabilpen eremuari dagokienez, baina hizkuntza handien ondoan bizi beharra suertatu zaio bere historia luzean zehar. Zeltera eta iberiera izan zituen auzoko erromatarrek euren inperio hizkuntza inguruotara ekarri aurretik. Latin indartsuaren ondoan bizi izan zen luzaroan, eta gaur egun latin haren ondorengoak diren frantsesa eta espainiera hizkuntza erraldoiak ditu mugakide. Latinaren behinolako eragina begien bistakoa da gaurko euskaran, lexikoan zein joskeran. Baita geroagoko gaztelania eta frantsesarena ere. Baina ez al du gure euskara txikiak batere arrastorik utzi inguruko hizkuntza handietan?