Gabon afaria, urte osoan egiten diren familia-otordurik garrantzitsuenetarikoa izan da beti. Mahai-lagunak, oro har, etxekoak dira, familiakoak; eta ezkonduta dauden seme-alabak euren familiarekin gurasoen etxera joaten dira. Ohikoa da, gaur egun, ezkonduak Gabon-egunez etxe batera joatea eta Gabonzaharrez ezkontidearen familiarenera. Orain hamarkada batzuk, inoren etxeetan zerbitzari zebiltzan seme-alabek nagusiaren baimena izaten zuten Gabon-gaua jaiotetxean ospatu ahal izateko; eta, gainera, bakailaoa oparitzen zieten etxera eramateko. Batzuetan, bakailaoa ez ezik, bisigua ere eramaten zuten familia-afarira.
Mendeetan etxea izan da gure gizartearen funtsezko egitura eta gure bizimoduaren jatorria. Familia eta etxea gauza bera izan dira gure kulturan: egiatan, familia hitza erabili beharrean etxekoak erabili ohi dugu, horren adierazgarri garbia hain zuzen. Tradizioz, etxearen eragileak etxekoak izan badira ere, etxekoek etxeari izena eta izana zor izan diote, Xalbadorren bertso goxoek gogorarazten digutenez. Harreman estua, trinkoa eta zatiezina. (gehiago…)
Bizkaiko herri euskaldunetan, familiari deitzeko gehien erabilitako hitza etxekoak da, nahiz eta hitz polisemikoa izan. Familia hitzak, gehienetan, ondorengoei egiten die erreferentzia: “Familia euki dabe”. Senideak odoleko ahaideei dagokie, eta erantsiak, berriz, kanpotik iritsitakoei.
(gehiago…)