RAE hiztegiaren arabera, adiera hauxe du identitate hitzak, beste batzuez gainera: “gizabanako baten edo talde baten berezko ezaugarrien multzoa, besteen aldean ezaugarritzen dituena”. Eta hitz horren sinonimotzat ematen ditu identifikazioa, filiazioa eta nortasuna… Nik hauek erantsiko nizkioke, besteak beste: berezitasuna eta sustraia (jatorria); betiere, ahaztu gabe identitateak lehia sortzen duela –ona nahiz txarra– zenbait kirol, ospakizun eta abarretan.
Urteko jaiak eta, bereziki, udakoak identitate ikur eta elementu sinboliko orokor nahiz espezifikoz beterik daude; bai alderdi materialetik bai alderdi immaterialetik. Nork ez ditu entzun “festa hau betidanikoa da” edo “hau ez da beste inon egiten” tankerako esapideak –dagoeneko aritu gara horretaz blog honetako beste artikulu batzuetan–.
Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak. Donostia, 1990. Maria Jose Olaziregiren edizioa. 110-111 or. Ortografia eguneratu egin dut irakurketa erraztearren.) liburuan Juan Ignazio Iztuetak Hilario izeneko danbolina aipatzen du. Haren iritziz, garai hartan ugaldu ziren danbolin harroen eredua zen Hilario. Danbolin horiek, jotzaile oso onak izanagatik, Gipuzkoako antzinako dantzen galera eta bazterketaren erantzule nagusiak ziren, tradiziozko doinuei zieten ezaxola eta destainarengatik. Hilario danbolin hori agertzen den atalak, honelakoa du izenburua: Gipuzkoako dantzari prestuak beren sorterriko dantza oniritzietan ibilteari zergatik utzi izan dioten. Eta tankera horretako danbolinei leporatzen die dantza hauekiko utzikeria.