Ekaina amaiera eta uztaila hasiera bitartean euskal mendietan orban zuriak agertzen dira, gaztainondoa loratzen denean, zuriz janzten delako. Gaztainondoak gure kulturan izan duen garrantzia dela eta, sasoi esanguratsua da hau. Galdetu besterik ez dago erlauntzetan lan egiten duten pertsonei. Horren adibide da Ignazio Abellak Galizia aldean jasotako hurrengo testigantza: gaztainondoa loratzen denean, ardiei aharia botatzen zaie. Udarako bero saparen aurreko azken loraldia da, jardun anitzetarako epemuga zehazten duena.
Honako datu hauek Busturialdean (Bizkaia) jaso ditugu, baina hemen esaten ditugunak beste eskualde batzuetan ere entzun daitezke.
Gaztainea esaten zaio bai zuhaitzari bai fruituari, gaztainadia gaztainondoak dauden tokiari, eta lokotsa gaztainaren morkots arantzatsuari. Txirpia, berriz, birlandatzeko gaztaina-landare eta bestelako zuhaitzondoen mintegi edo hazitokia da.
Bi gaztaina-mota ezagutu izan dira inguruan: lirio-gaztainak eta sanmigel-gaztainak. Troka eta mendi-zuloetan hazten dira gaztainondook nahikara. Eta fruitu gozo ugari izan dezaten, txertatu —ala, busturiarrek diogunez, eztitu— egin behar dira, bestela gaztaina ikolak ematen baitituzte, hutsak edo mamigabeak, alegia. Eztitu gabeko gaztainondoaren (eztitzaga) zura erabili izan ohi da beti, ordea, zurgintzan zein altzarigintzan. Lirio-gaztainondoek sanmigelek baino beranduago ematen dituzte urteko fruituak.