Artxiboa

0

Artaldea abaroan Arraban. Iturria: Labayru Fundazioaren argazki artxiboa.

7 berba liluragarri

Edozein hizkuntzak dauzka edonor liluratzeko moduko hitzak. Izan ere, hitzak berez dira originalak, adierazkorrak, aldakorrak, apetatsuak … gainera adin, neurri, itxura, kolore eta esangura askotakoak ere baditugu ahozko loreok. Zelan ez liluratu, ba, giza adimenak eta sormenak atzo eta gaur han-hor-hemen sortu dituen pieza zoragarri horietako batzuei begira! Gaur egun modan paratu da sare sozialetan hizkuntzetako hitz bereziak aurkeztea eta azaltzea, jendearen gozagarri. Ideia ezin hobea da. Horrelako reel edo bideo laburretan, baina, askotan hitzen etimologia okerrak edo asmatuak ematen dira, jendea lilurarazi beharraren beharraz. Ez da hori gure asmoa. Hemen zazpi euskal hitz edo esapide aurkeztuko ditugu, handik edo hemendik aparteko berezitasunen bat dutenak. Haietariko batzuk berez-berez erabiltzen ditugu eguneroko berbetan, askotan euren baitako balioari edota edertasunari erreparatu ere egin barik. Beste batzuk gutxiago erabiltzen ditugu, ezagutu arren; eta baten bat galbidean ere egon daiteke, berba berriek edota esanahi aldaketek baztertuta. Alabaina, denak dira gure euskararen zati, eta ez dauzkagu saltzeko! Alderantziz, atsegina da, oso, haietariko batzuk erakusleihoan ipintzea, batetik, euren balioari errepara diezaiogun, eta bestetik, aurrerantzean eurak erabiltzen adoretu gaitezen.

 (gehiago…)