Gabon afaria, urte osoan egiten diren familia-otordurik garrantzitsuenetarikoa izan da beti. Mahai-lagunak, oro har, etxekoak dira, familiakoak; eta ezkonduta dauden seme-alabak euren familiarekin gurasoen etxera joaten dira. Ohikoa da, gaur egun, ezkonduak Gabon-egunez etxe batera joatea eta Gabonzaharrez ezkontidearen familiarenera. Orain hamarkada batzuk, inoren etxeetan zerbitzari zebiltzan seme-alabek nagusiaren baimena izaten zuten Gabon-gaua jaiotetxean ospatu ahal izateko; eta, gainera, bakailaoa oparitzen zieten etxera eramateko. Batzuetan, bakailaoa ez ezik, bisigua ere eramaten zuten familia-afarira.
Ez da intxaur-saltsa bako Gabonik egon gurean. Larrabetzuko (Bizkaia) amama Julik urte guztietan egiten eban, hutsik be egin barik. Hondino be akorduan daukat, umetan, Gabonak bueltan baserrira sartu eta intxaurrak apurtzen ikusten nebanekoa. Ez dot egundo be ahaztuko.
Batez be Bizkaiko eta Gipuzkoako etxe askotan, negu guztian egin izan da, inguruko basoetan intxaur asko egoten zan-eta. Gainera, plater sendoa zan, apropos-aproposa neguaren hotzean barruak berotzeko; erako tripa betegarria. (gehiago…)