Zazpitxaboleta Belatxikietako tontorraren azpian dagoen zelaia da, pagadi txiki, heze eta gozoa izan zuena eta alboratxoago, momentuan abelazkuntza hain indartsua zeneko, zazpi ardi-korta. Inguruetako biztanleek antzinatik aukeratutako parajea, lanbide horretarako aukera ezin hobeak eskaintzen zituelako. Erdi Arotik aurrera kortabasoz jositako ingurua, abaro tokiarekin, errekasto egarri-asegarriekin eta abereak larratzeko larre eta haitz-bitarte umelekin.
Beste alde batetik, inguruetan nahiko piztia kaltegarriak ere izaten ziren eta haiei aurre egiteko Mugarran hasi eta Aramotzerainoko pastoreak azeri-batzarretan elkartzen ziren arazoari aurre egiteko. Batzarrak urte baten Mugarran egiten ziren eta hurrengo urtean Belatxikietan, eta horrelako batzar baten elkartuta zeudela Zazpitxaboleta inguruko lur-jabe berria izan zen Don Emiliano Zuloagak kezkatuta ikusi zituen pastoreak inguruan ermitarik ez zegoela eta, momentuan kristau-fedeak indar handia zuelako.
Udan sartu berri gara eta horrekin batera txoko guztietako jaiak etorri dira. Sasoi honetan, herri edo hiri handiko jai nagusiak ez ezik, auzoetako ermiten inguruan ere ospakizun ugari izaten dira. Bizkaian 800 bat ermita daude sailkatuta. Egia da kopuru eder horretatik asko galdu egin zirela edo ez dituztela ospakizunak antzina bezala egiten. 459 ermitetan eliz-ospakizunak mantentzen dira, 30 hondatuta daude, 7 zeregin zibiletarako erabiltzen dira eta gainontzekoak desagertu egin dira. Joan den mendean gizarteak aldaketa eta eraldaketa sakonak ezagutu zituen, eta horren ondorioz ermitek eurek ere beharrizan berrietara egokitu eta moldatu beharra izan zuten.
Ez da batere arraroa ardoak zein ardoa garraiatzeko erabilitako zahagiek herrialdeko jaietan presentzia izatea. Dantzei eta ibilbideei izena emanez (edate dantza), abestutako dantzen erreferentzian egiaztatuta, edo jaietan zahagi horien ohiko erabilerarekin eta bertaratutakoei egindako jai giroko ardo eskaintzarekin lotura duten gazte taldeen artean (zaragi mutilek, mutil ardoak, eskotekoak, etab.) duen presentzia ikonikoan. Horrenbestez, ez da zentzugabekeria aipatutako zahagi hori, airez puztua eta jada amaitua, komunitateari olgeta amaitu dela eta eguneroko erritmora itzultzeko joera adierazten dion elementu sinbolikotzat jotzea.
Egia da oraindik ez garela guztiz libratu COVID-19 izen arrunta duen birusetik (eta haren aldaera amaigabeetatik), baina ziurtzat jo dugu pandemia iraganeko amets gaizto bat dela. Alabaina, denbora-tarte labur samarra iraun duen arren, eragin handia izan du gure bizitzetan, bizialdiaren zati handi bat kalean egiten duen gizarte honetan, zeinetan gizakien arteko zuzeneko harremanak garrantzi handia duen.
Pandemia 2020ko martxoan ofizialdu zen herrialde honetan, eta murrizketa gogorrak ekarri zituen. Ondorioz, hasteko, asteburuetako eta jaiegunetako aisialdia, eta ospakizunen eremua osatzen duten era guztietako ikuskizun, ospakizun eta elizkizunak erabat edo, kasu batzuetan, partzialki eten ziren.