Landareek eta zuhaitzek presentzia handi eta etengabea izan dute nekazari-gizarte tradizionaletan. Bereziki, izaera esanguratsua eta kutsu komunitario edo profilaktiko bizia duten zuhaitzek. Horiek udaberriko sasoian, balizko uztaren babesleak dira; eta uda garaian, berriz, beren presentzia bereziak agerian uzten edo gauzatzen duen uzta-biltze arrakastatsuaren oroigarri izan daitezke. Testuinguruotan, maiatzeko arbola edo jai-arbola deiturikoak (San Joaneko zuhaitza edo makala, Donienatxa, etab.) ohikoak izan dira eta izaten dira.
Diziplina humanista eta sozialen oinarri metodologikoetatik abiatuta, kultura tradizionalaren ikerketa orok datuen iturriak ditu ardatz: idazkiak, irudiak, ahozko oharrak eta informazioak. Agerikoa da ahozko datuek beharrezkoak dituztela pertsonak eta haien testigantzak. Izan ere, beren erregulartasun tematia dela medio, ikertzaileari aukera ematen diote ondorio zentzudunak ateratzeko, analisi kualitatibo konplexuen bitartez. Jakintza kolektiboei buruzko informazio zinez baliotsuak, oso arlo desberdinetakoak: jai-ospakizunak, dantzak, doinuak, kantuak, musika-trenak, jantziak, gastronomia, erritualak, ofizioak edo lanbideak, etab.