Nekazaritza lanei dagokienez, esaera ugari ditugu euskaraz, artoa apirilean erein behar dela gogorarazten digutenak. Adibidez, San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; San Markos, artoak ereinda balegoz. Edo beste hau: San Markos astea, atzekoa baino aurrekoa artoa ereiteko hobea.
Artoa gure herrian guztiz sustraitutako landarea bada ere, jatorriz Ameriketakoa da. Badirudi XVI. menderako lantzen hasi zela gure artean, baina zabalkundea geroagokoa da, XVII. mendean hasi eta XVIIIenean guztiz orokorra zen, indar handiz gainera, artatxikiaren kaltean.
Ameriketatik ekarritako artoari, gaztelaniaz mijo mayor, mijo de las Indias edo maíz esaten zitzaion. Euskaraz arto handia geratu zen Ameriketakoa izendatzeko, artatxikia bertako ale txikiagoarentzat utzita.