COVIDaren pandemia igaro berriak gogorarazi digu zein garrantzitsua den etxearen eta norberaren higienea ondo zaintzea, gaixotasun kutsakorrak zabaldu ez daitezen eta guztion osasuna zaindu dezagun.
“Higiene” hitza Hygíea izenetik dator. Hygíea osasunaren jainkosa zen antzinako greziarrentzat, eta, haien mitologiaren arabera, Asklepio medikuntzaren jainkoaren eta Epione sendakuntzaren jainkosaren alaba zen. Kristo aurreko 7. menderako, greziarrentzat lotuta zeuden pertsonen osasuna eta garbitasuna.
Egia da oraindik ez garela guztiz libratu COVID-19 izen arrunta duen birusetik (eta haren aldaera amaigabeetatik), baina ziurtzat jo dugu pandemia iraganeko amets gaizto bat dela. Alabaina, denbora-tarte labur samarra iraun duen arren, eragin handia izan du gure bizitzetan, bizialdiaren zati handi bat kalean egiten duen gizarte honetan, zeinetan gizakien arteko zuzeneko harremanak garrantzi handia duen.
Pandemia 2020ko martxoan ofizialdu zen herrialde honetan, eta murrizketa gogorrak ekarri zituen. Ondorioz, hasteko, asteburuetako eta jaiegunetako aisialdia, eta ospakizunen eremua osatzen duten era guztietako ikuskizun, ospakizun eta elizkizunak erabat edo, kasu batzuetan, partzialki eten ziren.