Industriak ibilbide luzea du Euskal Herrian eta urte horietan, askotariko gorabeherak izan ditu. Eskualde bakoitzak bere historia eta istorioak ditu, baina kasu honetan, Tolosaldean (Gipuzkoa) horren nabarmena izan zen papergintzari buruz arituko gara. 1842. urtean Nuestra señora de la Esperanza paper-fabrika ireki zenean hasi zen paper industria eskualdean eta ondoren lantegi gehiago zabaldu zituzten, batez ere Oria ibaiaren arroan.
Paper-fabrikak martxan jarri eta mantentzeko langileak erruz behar ziren. Mekanizatu gabeko lanak izaten ziren gehienak eta, beraz, eskulana barra-barra behar izaten zen. Egoera berri horrek eragin zuzena izan zuen ordura arte baserriko bizimodua nagusi zen herri txikietan. Aldaketa horrek biztanleria osoari eragin bazion ere, garai hartako neska gazteei erreparatzen die artikulutxo honek. Izan ere, neska asko paper-fabriketan aritu ziren lanean 14 urterekin eskola amaitu eta ezkondu bitarteko urteetan.