Inauterien ostean, Garizuma eta Aste Santua datoz. Garizumak basamortuan penitentzia eta otoitz egiten Jesusek igaro zituen berrogei egunak dakartzagu gogora. Hausterre egunetik, —aurten otsailaren 22a—, Ostegun Santura arte luzatzen diren berrogei egunak barau eta otoitz egitera zuzenduta daude.
Kristoren nekaldia, heriotza eta berpizkundea gogoratzen dizkigun Aste Santua Erramu-igandearen —aurten apirilaren 2a— eta Pazko-igandearen artean luzatzen da. Larunbat Santuko gau-ospakizunean, hau da, Pazko bigilian, Jesus berpiztua irudikatzen duen su berria pizten da, Kristok heriotza gainditu duela adierazteko; hurrengo egunean, Pazko-igandean —aurten apirilaren 9an—, elizkizunekin batera oraindino beste garai batean oso zabalduta zegon ohitura zahar bat errepikatzen da urtero Euskal Herriko zenbait herritan: aita-amabitxiek beraien besoetakoei arrautza bat edo gehiago daramatzan ogi berezi bat oparitzen diete. Ogi horrek izen ezberdinak hartzen ditu eskualdeen arabera: mokotsa Amorebieta-Etxanon eta Gorozika aldean, morrokotea zein mokotsa Arratian, olatea Orozkon, pazkopile Busturian, arrautz-opil Zerainen, kaapaxue Elosu-Bergaran, aitatxi-opil edo amatxi-opil Baztan aldean… Itxurari dagokionez, toki batzuetan borobilak izaten dira eta beste batzuetan triangelu itxurakoak.
Kultura tradizionalean, hainbat esparru hartzen edo biltzen ditu ohitura honek, hala nola guraso-harremanak (beren betebehar eta elkarreraginak), adin-kategoria desberdinen artekoekin zabaltzeko harreman-bideak, erlijio-sinesmenak eta gizarte-protokoloak, ikuspuntu zikliko-gastronomikoak edota ohiturazko zuzenbidearen elementuak. Izan ere, bataioko aitabitxi-amabitxi edo aita-ama pontekoek konpromisoa zuten seme-alaba besoetako edo pontekoei ogi berezia oparitzeko urtez-urte Pazkoz (batzuetan, ezkondu edo kontsakratu arte). Opil hori hamaikatxo izenez ezagutu ohi da: karapaixoa (Debagoienan eta Aramaion), garapaua (Elgetan), adar-opila (Bidasoan), aitatxi-amatxi opila (Baztanen), morrodoa (Garazin), morrokotea edo mokotsa (Arratian, Durangaldean eta Busturialdean)… Eta, San Markos egunez (apirilaren 25ean), landak bedeinkatzen ziran hain jai seinalatuan, sanmarkos-opila (Bidasoan eta Oarsoaldean) deritzon almendrazko bizkotxoa zen amabitxien ohiko oparia.