Etorkizuneko milurtekoen historiaurrea gara. Alabaina, horrek ez gaitu sentiarazten primitibo; aitzitik, nolabaiteko harrotasunez begiratzen diegu aurreko belaunaldietan arbaso izan genituenei, hobekuntza handiak lortu ditugulakoan haiei egozten diegun kaskartasunarekin alderatuta. Etnografian dihardugunon artean, ordea, badugu susmoa iritzi horrek hutsune asko dituela; hainbeste, nahiago baitugu aldaketaz jardutea, aurrerabideaz baino gehiago, Barandiaranek bezala. (gehiago…)
Giza jarduerak bizi izandako aldaketa guztiak besoaren luzeran islatu daitezke, era sinbolikoan.
Makinarik ez zegoenean, lanerako ahalegina besoetan ikusten zen, eta, hartara, gaztelaniazko bracero (peoi) terminoa sortu zen. Indarra, hain zuzen, ukondoak tolestutako eta tenkatutako gorputz-adar horretan ikusten da, bizepsa osatzen duen bola nabarmentzean. Indarrik ez baina trebezia eskatzen duen lana eskuan ikusten da, artisauei dagokien eskuzko lanaren alderdi guztietan. Muturrerantz mugitzen jarraitzen badugu eta atzamarretara iristen bagara, arlo intelektualean sartzen diren gaitasunei hertsiki lotuta dagoen lan finagoa topatuko dugu: idazluma edota gure barnealdea mihisean islatzen duen pintzela heltzen duten atzamarrak.