Sasoian sasoikoa da baserriko legea, eta udagoienean, sagarrak batzeari esetsi behar diogu. Urte guztiak ez dira berdinak, batzuk beste batzuk baino emankorragoak dira, eta aurtengoa izan da, izan ere, horietarikoa, emankor-emankorra. Gaur, etxekook denera ailegatu ezinik eta, edo konpotan edo gordinik jaten ditugu, eta sarritan, lagunen artean banatzen ditugu, alferrik gal ez daitezen.
Aspaldian, sagarrekin sagardoa egiten zen baserririk gehienetan, eta sagardoa egiten zenetan pitikina ere bai. Alejandro Olabarriak, Orozkoko Udiaga auzoko semeak, esaterako, oraindik ere pitikina egiten du urtero-urtero, besterik ez ei du-eta etxean egiten ikusi. Entzunda eduki badauka, baina, etxeko osaba batek sagardoa egiten zuela, berak ezagutu ez badu ere. Akorduan dauka , garai batean, Basauriko maiorista bati saltzen zizkiotela sagarrak, eta idiek tiraturiko gurdian bajatzen zituztela herriraino, handik Basaurira autoren baten eroateko. Partikularrei ematen zizkietelakoa ere gogoan dauka, sagarrondoa hainbeste pezetatan, eta eurak arduratzen zirela batzeaz.