Orain, kolore beltza landu ostean, kolore zuria jorratuko dugu, gorriarekin hasi genuen trilogia ixteko. Izan ere, hiru kolore horiexek dira, Victor Turner antropologo eskoziarrari jarraiki, gizaki primitiboaren sinbologia sintetizatzen dutenak, oposizio dualean agertuz. The Forest of Symbols liburuan azaltzen digunez, zuri-gorri edo zuri-beltz koloreak kontrajartzearen bitartez, antzinako gizarteen erritu guztiak azal daitezke, eta euskal gizartea, jakina, ez litzateke horretan salbuespena izango.
Hizkuntzaren ikuspegitik, zuriaren etimologia ez da gardena, baina badirudi filologo gehienak bat datozela, Azkuerengandik hasita, zurarekin eta, zehazkiago, zuhaitzaren enborraren barrualdearekin (zurixka izaten baita) lotzean.