Azken urteetan gertatzen ari den kontu bat beharbada oharkabean pasako zaie batzuei. Hain zuzen, urtaro astronomiko eta meteorologikoaren arteko bereizketa da (aldi baten ikuspegi edo behaketa batetik).
Ipar hemisferioari eta, zehazki, neguari dagokionez, lehenengoa abenduaren 19tik 22ra bitartean —urtearen arabera— solstizioak markatzen duen hasierara mugatzen da; bigarrenak, berriz, hilabete osoak hartzen ditu oinarritzat: abendua, urtarrila eta otsaila. (gehiago…)
Gure alderdi klimatikoan tenperatura eta ingurumen-baldintzak aldatu egiten dira urteko lau urtaroak igaro ahala, baita egun bakoitzaren barruan ere, eguzkiak distiraz jo edo ilargiak argitzen badigu. Gure gorputza ezin da beti aldaketa horietara egokitu, eta, beraz, sistema desberdinekin lagundu behar diogu, gorputz-tenperatura ahalik eta konstanteena izan dadin.
Hotzari aurre egiteko orduan, sua da gure lehen aliatua. Neguko gau luzeetan sugarrak piztuta edukitzeko, egurra bota behar dugu etengabe sutara, eta lo gauden bitartean ezin dugu hori egin. Sukaldeak (suaren aldeak) beti eman du beroa inguruan, baina arazoa dugu gainerako etxebizitza etengabe berotu nahi dugunean; izan ere, logelak hotz-hotz gera daitezke gauez neguko hilabeteetan.
Negu guziez Iparraldeko mendiak sutan eta ketan ikus ditzake gure eskualdetik ibiltzen den orok. Su horiek kabalen larre eta alhaguneen kudeaketa eta garbiketa dute helburu. Iparraldeko etxaldeek zabaltasun murritza dutenez, inguruko mendien beharra dute alhagunetzat. Ondorioz, mendia, etxaldea bezala zaindu eta artatzen dute. Gehienetan makinekin lantzen ahal ez dituzten eremuak suarekin garbitzen dituzte.
Sukaldea —edo ezkaratza, Gernikaldean diogunez— izan da eta oraindik ere bada etxearen bihotza, eta sukaldeko sua bihotz horren bizigarri. Funtsezkoa zen etxekoen janaria prestatzeko, bai bizilagunena bai piztiena, eta etxea berotzeko ezinbestekoa. Suaren ingurumarian ematen ziren ordurik gozoenak; hainbeste bizipen eta istorio zahar kontatzen ziren bertan, eta ezagutzak ere hantxe transmititzen ziren belaunaldiz belaunaldi.
Baserrietako beheko sua eraikitzeko, hiru aldeko markoa behar izaten zen, gaztaina-zurez edo haritz-giharrez egina. Bazterreko bi aldeak hormari josten zitzaizkion, eta hirugarrena horiei biei. Irmo eta sendo finkatu beharra zegoen, eror ez zitezen. Barrualdea adreiluz eraikitzen zen, trenkadak egiten diren bezalaxe. Oinarria, aldiz, burdinurtuzkoa zen, landua izanez gero, okertu egingo litzatekeelako, bestela; eta sukaldeko zola baino goratxoago muntatzen zen. Atzealdeko txapa ere burdinurtuzkoa izaten zen gehienetan, edo hareharrizkoa inoiz, irudi erlijioso edo profanoz apainduta, esaterako Gernikako Arbolaz.