Maiatzeko azken astea, ekaineko lehen hamabostaldia…, larreak nola dauden, udaberria nola doan… horien mende dago guztia; baina, dena den, horixe da Errege Bardea utzi eta, rasa ardiekin, mila urtetik gorako Erronkariarren Errege Abelbideari ekiteko unea, Erronkaribarko goi-mendietako larreen bila. Iaz, eta duela bost urte, eta duela ehun urte, eta duela mila urte baino gehiago egin zen bezalaxe. Mila urtetik gorako tradizioa da, eta erronkariarrek borrokarako kemenari esker ondo irabazitako eskubidea; izan ere, artzainak izan ziren bake garaian, baina soldaduak gerra zenean, eta ez alferrik. Gerlarako adore horrek bihurtu zituen 882an Errege Bardearen lehen gozatzaile eta jabekide, Antso Gartzez erregearen erabakiz, zehazki.