Bola jokoa desagertzeko arriskuan dago. Bola jokoaren indarra galtzea eta landa-munduaren gainbehera aldi berean gertatu dira, batez ere XX. mendearen erdialdetik aurrera gune industrializatuetara zuzendu zen landa-eremuetako populazio-exodoaren ondorioz.
Bola jokoa gaur egun kirol minoritarioa bada ere, antzina pilota bezain ezaguna izan zen. Azken urteetan ehunka bolatoki galdu dira eta, batez ere, belaunaldiz belaunaldi kultura-transmisioa eten da.
Bola joko modalitate asko daude Euskal Herrian zein Estatuko beste toki batzuetan. Bizkaian bakarrik zenba daitezke hamabost bat modalitate, batzuk jada desagertuak. Horietako bat Zeanurikoa da. Gaur egun dauden bolatokiak udalerria osatzen duten zazpi auzune edo kofradietako ermita batzuen ondoan daude, eta urtean behin jokatzen da bertan, ermitaren jaiegunean.