Bizkaian ermita asko ditugu eta ia guztietan bertako santuaren egunean edo garaian ospakizunak egiten dira. Erritu erlijiosoez gain, jaia komunitatean ospatzeko, bestelako hainbat jarduera antolatzen dira gaur egun, herri-bazkariak, dantzaldiak edo jolasak, esaterako. Jarduera horien artean lehiaketak oso ohikoak dira, normalean kirolarekin edo gastronomiarekin lotuta daudenak. Baina badaude txapelketa batzuk hain ohikoak ez direnak, horren adibide da Gordexolako Berbikiz landan San Kosme eta San Damian ermitako jaietan antolatzen den txosna lehiaketa. Esan beharra dago, Gordexolako ermita honetako adbokazioa San Joan Bataiatzailea izan arren, bere jaieguna irailaren 26an egiten dela, San Kosme eta San Damian martirien egunean eta horregatik askok izen horretatik ere ezagutzen dute.
Jakina da data finkoa duten eguzki-ospakizunek eta jaiegun aldakorrek (Pazko-ilargi betearen arabera ezarriak) osatzen dutela urteko jai-zikloa. Gainera, jai guztien artean, batetik, jai nagusiak (San Joan, Gorpuzti, zaindarien egunak…) bereiz daitezke, kristau-liturgietan garrantzi handiko ospakizun generikoak; bestetik, jai txikiak, debozio herrikoiek sustatuak (osterantzeko santu-egunak, Andre Mariaren agerpenak, mirariak, erreguak…), tokian-tokian, gure herrietako auzo-auzune eta inguruetako gurtzarako guneetan.
Testuinguru horretan, herrietako tradiziozko festarik gehienak uda-partean (oparoaldiaren edo oparotasunaren sinboloa) pilatzen dira, eta, neurri txikiagoan, urteko gainerako egunetan. San Joan egunaren inguruko ospakizunek (ekainaren 24a) ematen die hasiera aldi honi, eta San Migel jaiek (irailaren 29a) dakarte amaiera. Udako jai guzti horietan, komunitatearen gizarte-egituraketa zein elkarreragin hitzartuak islatzen dira, eta jarraian azalduko dugun eskema komun eta zehatz samar baten arabera antolatzen dira.