Kategoria: Barriak

0

Labayru Fundazioak EGA azterketarako deialdia egiten dau urtean birritan, uztailean eta urrian. Aurtengo lehenengo deialdirako izena emoteko epea zabalik dago ekainean zehar.

Azterketa egunak uztailaren 12 eta 14 izango dira, gure Boluetako egoitzan bertan. Gogoan hartu, azterketara aurkeztu ahal izateko gure ikastaroa eginda euki behar dala, eta horretarako aukera dago ekainaren 27tik uztailaren 9ra bitartean. Izena emoteko aldia zabalik dago.

0

Bilboko Liburu Azokaren programaren barruan, hilaren 7an Andres Urrutiari ‘Urrezko Luma’ emon deutsie. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak emon deutso saria.

Andres Urrutia urte askoan dabil euskeraren inguruko zereginetan buru-belarri beharren ekinean. Euskaltzainburua da, eta horrez ganera, notario moduan bere lana euskeraz egiteko eta zuzenbidean euskerea normalizetako lan handia egin dau.

Euskalgintzako beste alkarte eta erakunde askotan be badabil, baina Labayru Fundazioari jagokonez, laguntzailea da joan daneko hogeta hamar urteotan. Bertako Derioko Ikastaroetan ikasle lehenengo, eta irakasle gero, jardun izan dau; Eusebio Erkiaga eta J.B. Eguzkitza idazleen lanen edizinoak atondu ditu Labayruko bildumetan argitaratzeko. Berbondo eta Orrialdeak izeneko narrazino-liburuak idatzi ditu; eta horrez ganera, Idatz & Mintz eta Litterae Vasconicae aldizkarietan hainbat artikulu argitaratu izan ditu.

Zorionak sari barriagaitik!

0
Adolfo Arejita, Jose Mª Gorroño, Andres Urrutia, Paulo Agirrebaltzategi.

Maiatzaren 27an aurkeztu da Ignacio Omaetxebarriaren (1909-1995) Euskara barrutik Estudios de lingüística vasca izeneko liburua Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Orain arte sakabanatuta egon diran artikuluen bilduma bat da, hizkuntzaren historia, gramatika, onomastika eta euskal kulturari buruzko lanak batzen dituana.

Ekitaldian, José Mª Gorroño Gernikako alkateak harrera-berbak egin ostean, Andrés Urrutia euskaltzainburuak egilearen ganeko jakingarri batzuk emon ebazan. Adolfo Arejita, Labayruko zuzendariak, liburuaren aurkezpenaren egilea  dala, lanon ekarpena hartu eban berbagai. Amaitzeko, Paulo Agirrebaltzategi frantziskorrak artikuluok batu, sailkatu eta sarrera-azterketa egiteko prozesua azaldu eban.

Aurkezpena Euskaltzaindaren Osoko Bilkuraren atsedenaldian egin zan, aurkezpen hori atxakia hartuta Gernika-Lumoko udaleko Kulturetxean batzartu zan eta. Ekitaldian egilearen senideak eta lagunak egon ziran.

0

Maiatzaren 26an ADRAtan Urduñako Kultur Elkarteko lau kideren bisita hartu genduan Labayru Fundazioan. Elkarte horretan Urduñako uriko etnografia batzen dihardue. Lehenago be euki izan dabe hartu-emona Labayru Fundazioko Etnografia sailagaz eta Euskal Herriko Atlas etnografikoaren zuzendaritzagaz, eurak egin beharreko inkestetarako lan-metodologian aholkua emoteko.

Elkarteak aldian-aldian batzarrak egiten ditu uriko memoria historikoa gordetako, Urduñako lanbideak, erakundeak, alkarteak eta abar aztertuz.