Kategoria: Barriak

0

Mungiako Udalak urtero eratzen dau Lauaxeta Olerki Lehiaketa, orain dala hamar urtetik hona, herriko poetaren gorazarre legez. Aurten, hamargarren urteurrena ospatzeko, aurreko urteetako olerki irabazleak liburu baten argitaratu ditue. Udalaren argitalpen hori egiten Labayru Fundazioak lagundu deutsie, eta Adolfo Arejita egon da aurkezpen ekitaldian, Ager Izagirre herriko alkateagaz batera.

Urte bakotxeko deialdian, Lauaxetaren olerki bat izan da gaia. Gai horren inguruan olerki bat sortu behar izan dabe lehiaketara etorri diran parte-hartzaileak. Halan osotu da liburua, hamar urtean irabazle bina, guztira hogei poema datoz liburuan. Egileak, ostera, gitxiago dira, batzuk errepikatu egiten diralako. Hona danen izenak: Atotz Goikoetxea, Elena Galzusta, Ibai Ayerza, Ugaitz Agirre, Imanol Sorondo, Ione Gorostarzu, Jabi Santa Cruz, Aitor Albistur, Gotzon Plaza, Antonio Casado eta Mikel Esteban.

Bai poema bakotxari jarritako irudiak bai azalekoa Enrique Morenterenak dira.

Liburua aurkezteaz ganera, aurtengo deialdiko irabazleei saria banatu deutsie ekitaldi berean, Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua bertan dala.

0

Durangoko azokako areto nagusian egin du Labayru Fundazioak Gaztea irratiarekin batera antolatu duen Botaba euskal esamoldeen erronkaren sari banaketa ekitaldia. Bertan izan dira, besteak beste, saridunak eta euskal esamoldeen erronka babestu duten enpresa eta erakundeak.

Oñatira joan da aurten sari nagusia, eta Abadiñoko, Zarautzeko, Gasteizeko eta Igorreko lagun-taldeek ere hartu dituzte sariak. Zazpi izan dira, guztira, Botabak aurten eman dituen premioak, eta lotura honetan kontsultatu daitezke.

Sari nagusia El Corte Inglesek eman du aurten ere. Talde irabazleak Europako hiriburu bat ezagutzeko aukera izango du, lau eguneko bidaian. (gehiago…)

0

Aurtengo Durangoko Azokan nobedade moduan Laura Urubururen nobela barria erakutsiko dau Labayru Fundazioak.

Amodio-kantu zahar baten kopla guztiz ezagun bat dau izenburutzat, Laura Uruburu Totorikaguena idazleak plazara dakarren elaberri barri honek: Katigatu ninduzun librea nintzena.

Labayru Fundazioak argitaratu dau, euskal narratibari eskainia dauen Urbegi sortan, bildumako hirugarren alea egiten dauela.

300 orrialde beteko elaberria da, zati nagusi bitan banatua, eta zati bakotzaren izenburutzat, euskal errefrau baten osagai bana dituela: Aurreak erakusten du / atzea zelan ibili. Narrazinoa zortzi kapitulutan atalkaturik dago, bakotxaren izenburutzat aste-egun jarraikoen izenak dituela: igandetik igandera.

Amodioa, elaberri honetan, ez da neska-mutil edo andra-gizonen artekoa, ama-semeen artekoa baino. Umetxo baten heriotzagaz hasten da istorioa, eta gertaera triste eta lazgarri horrek, amaren, Elba eleberriko protagonistaren bizitza erabat asaldarazten dau, eta bihotza eta emozinoen mundua astintzen deutsoz era bortitz baten. Noraezean ikusten dau bere burua herstura eta egonezinean; ahalmenik gabe modu galduan, zorigaitzezko zirrara eta hunkipenen ekatxean. (gehiago…)

0

Durangoko Liburu eta Disko Azokan urtean zehar Labayru Fundazioak argitaratu dituan liburu eta aldizkariak izango ditugu ikusgai eta salgai.

Literaturan, Jabier Kalzakortaren Euskal baladak liburu bikotxagaz batera, Bitañoren narrazinoak batzen dituena, Mugarrapetik kontu kontari izenburuagaz. Idatz & Mintz aldizkariaren 64. zenbakia, separata eta guzti, Marcel Schwoben Umeen gurutzada.

Jarein bilduman Jose Mari Rementeriak ondutako Euskerazko dotrinak izeneko liburua, katalogo antzera atondua.

Gurean zer berri? saileko bigarren aleak, etnografiako gai laburren bilduma dakar. Eta Euskerazaleak 50 urte 1967-2017 liburuan alkartearen berrogeta hamar urteko ibilbidearen laburpena jasoten da.

Bizkaierazko aditza. Hirugarrena euskera ikasten dabilzanentzako ariketa-liburua da, aurretik egindako beste biren jarraipen modura datorrena.