Kategoria: Ekitaldiak

0

Hasi gara kulturako tailerrak emoten Begoñazpi ikastolan. Aste honetan Lehen Hezkuntzako sei mailetan, aurrekoan DBH 1 eta 2an, eta datorren astean Haur Hezkuntzako hiru mailetan.

Aurten kulturako edukiak tailerren bidez emoteko programea hasi dogu. HHko lehenengo mailatik DBH2ra bitartean, maila bakotxean hiru tailer egingo doguz. Lehenengo hiruhilekoak izan dira oraingoak, eta hurrengo hiruhilekoetan beste txanda bi egingo dira.

Tailerren helburua gure kultura ezagutzea da, baina ez eskola moduan, modu praktikoan baino. Era guztietako gaiak landu ditugu: jolas tradizionalak, herri kirolak, egutegiko jaiak ospatzeko moduak (Gabonak), eurei lotutako ohiturak, ogia egitea, ipuinak sortzea, herri-kantuak, lanbideak (artzaintza, errotak eta burdinolak), geografia eta kultura, gerrako kontuak, mendizaletasuna… Danak oso parte hartzaileak eta ikasleen adinera egokituta.

0

Azaroaren 16an, Bilbozarra Forumek eratuta, hitzaldi-kantaldia egin dabe Bilbon Jabier Kalzakortak eta Maddi Oihenartek.

Iparraldeko herri-kantuen errepertorioa erabili eben, Jabierren argibideak eta azalpenak emon eta Maddik abestu. Ez da lehenengo aldia formato horretan bat egiten dabena, eta oso erakargarria da entzuleentzat. Izan be, Maddik Zuberoako erara emoten ditu kantuak, baina tradizinotik datozan bersinoak sarritan gatxak dira entzuleentzat esangurea ondo aituteko. Jabier Kalzakortak ondo mamurtuta daukaz kantuok, noizkoak diran, ze argumenturi jagokien, personaien nondik norakoak, gorabeheren zertzeladak, berba bakotxaren esangurea, zergaitia, aldaera kasuan-kasuan zein dan… Argibideok entzuleentzat guztiz lagungarriak dira kantuari beste neurri bat emoteko.

Euskaltzaindiaren egoitzako aretoa bete egin zan eta entzuleak gustura joan ziran, bai horixe.

0

Begoñazpi Ikastolak gizartean lan eta alkartasun baloreak zabaltzen eredu izan diran personen ibilbidea saritzen dau. Bederatzigarren edizino honetan Ander Manterola eta Eduardo Junquera aukeratu ditu epaimahaiak sarigai, bakotxak bere arloan gizarteari egindako ekarpenagaitik.

Ander Manterolaren kasuan, euskera eta etnografia arloetan euskal gizartearentzat egindako beharra nabarmendu dau epaimahaiak. Gizon eragina, erakunde-sortzailea, alkartasunean lan egindakoa dala hartu dabe kontuan.

Sari emotea azaroaren 14an izan da Begoñazpin bertan. Nestor Basterretxeak egindako ikurra emon eutsien Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburuak eta Mario Iceta Bilboko gotzainak. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Koldo Narbaiza zinegotzia, Eleizbarrutiko ikastetxeetako ordezkariak eta beste arduradun eta lagun asko batu ziran ekitaldira.

0
San Martin, Ereño, Bedia.

Bediako kultur ondarea zabaltzeko beste bideo bat egin dogu Labayrun, “Mandoiako jentilak” izenekoa. Ibilbide baten bitartez, Eroso-Ugarteko Tosubando torretxea, Ereño auzoa eta Mandoia mendiari buruz hainbat jakingarri zabaltzen dira. Lehenagoko bizimodua, etxeen izenak, mendi-tontorrak, jaiak eta ospakizunak… hori dana erakusten da bideoan.

Baina ez lur ganekoa bakarrik, azpikoa be kontuan hartu da. Izan be, inguru horretan guztian burdina dago eta lehenagoko haizeolen hondarrak hainbat lekutan dagoz.

San Martin ospatzen da Ereñon; hori dala-ta, azaroaren 12an, ermitan bertan ikusi ahal izan eben bideoa bertara hurreratutakoek. Aurrerantzean, Labayru Fundazioko Youtube kanalean, zein Bediako Udaleko webgunean ikusgai egongo da.

Urtero Martin Atutxaren omenez egiten dan mendi-martxako bideagaz bat dator bideoan jasotakoa. Lehena eta oraina bat eginda, gerora begira.