Kategoria: Etnografia

0

Urtarrilaren 29an, Gatikako Gaztetxokoan aurkeztu zan Gatikako baserriak izeneko liburuxkea. Hantxe izan ziran Leixuri Arrizabalaga alkate-andrea eta Nekane Garmendia zinegotzia; eta Labayru Fundazioaren izenean, Adolfo Arejita zuzendaria, eta Akaitze Kamiruaga Herri Ondare arloko arduraduna.

Liburu hau Gatikako aldea-etxeen katalogoa da. Bertan 1850 baino lehenago eraikitako 106 baserri agertzen dira. Testuak euskeraz eta gazteleraz dagoz, eta baserri bakotxak bere argazkia dauka. Lana egiteko, lehenengo eta behin artxiboen eta dokumentazinoaren hustuketea egin da. Horretarako Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboa, Bizkaiko XVIII. mendeko Sutegien Erroldak eta Foru Agiritegi Historikoan gordeten diran hainbat dokumentu aztertu dira. (gehiago…)

0

Abenduan ospatzen dan Euskerearen Egunaren atxakian, Arratzun herriko jenteari batutako lekukotasunakaz osotutako bideoa aurkeztu dogu.

Hainbat herritarri grabazinoak egin deutseguz urtean zehar, herriko bizimodua lehen eta orain zein dan jakiteko eta atzetik datozen gazteek be jakin dagien.

Herriko andra eta gizonak, auzo batekoak eta bestekoak, baserrikoak, errotakoak, tabernakoak… bakotxak bere bizimoduko esperientziaren barri emonaz, herriko bizimoduari buruz gehiago jakiteko modua daukagu. Honezkero galduta dagozan lanbideak eta ohiturak, etxekoen arteko hartu-emonak, hizkuntzaren erabilera… hainbat gai erabili ditugu. Bideoan esandako horren guztiaren laburpena emon dogu.

0

Joan dan azaroaren 24an, Udalak Euskaraldiaren barruan antolatu dituan ekitaldien artean, Akaitze Kamiruagak hitzaldia emon eban Gatikako jubiladuen etxean, Labayru Fundazioan lantzen dabilen egitasmoa gaitzat hartuta: Gatikako baserrien katalogoa egitea.

Baserrien katalogoa egiteko, lehenengo eta behin, idatzizko artxiboak hustu dira: XVIII. mendeko Bizkaiko Sutegiak eta Foru Aldundian digitalizauta dagozan artxiboak, besteak beste. Horren ondoren jasotako informazinoa herriko lekukoakaz kontrastau da, eta bide batez baserriak izendatzeko erabilten diran ahozko formak batu dira.

Baserrietako argazkiak egin eta gero, ikerketearen emaitza abenduan kaleratuko da. Gitxi gorabehera, 100 baserri inguruk osotuko dabe katalogoa; danak 1850 baino lehenago eregitakoak. Udalaren asmoa da katalogoa herriko etxe guztietara banatutea.

0

Aurten be Begoñazpi Ikastolan Eleketan programa beteko dogu, 3 urteko umeen gelakoakaz hasi eta DBH2ko ikasleenganaino, maila guztietan hiruna tailer egingo ditugu ikasturtean zehar. Guztira 33 tailer, hamaika hiruhileko bakotxean, eta maila bakotxean ehun bat ikasle batez beste.

Eleketan programako tailerrak era guztietako gaiak lantzen dira euskal kulturea, lanbide zaharrak, Euskal Herriaren historia, euskal gastronomia…, beti be irakasleekaz adostuta eta ikasleen maila eta adinera egokituta, ordu eta erdiko saioetan

Hiruhileko honetan: Haur Hezkuntzan letxuga landatzen, betiko olgetak eta taloa egiten ikasi; Lehen Hezkuntzan Gabonetako tradizinoak, artzaintzaren eta burdinoletako ofizioak, herri kirolak, Euskal Herriko txoko eta ohiturak, ipuina asmau; eta DBHn gerraren memoria eta mendizaletasunari buruzkoak.

Programa honen helburua da euskal hizkuntza eta kultura modu ludiko baten ezagutzea zaletasuna eta enpatia eragiteko.