Kategoria: Etnografia

0
Pedro Mari Goikoetxea, Mari eta Encarna Catalan, Akaitze Kamiruaga.

Herri Ondarearen Atalean egiten ditugun egitasmoen artean, euskaldun ezezagunen bizitza-istorioak batzen jarraitzen dogu. Oraingo honetan, Pedro Mari Goikoetxeagaz batera, Donostian izan gara eta Encarnación Cataláneri egin deutsagu alkarrizketa.

Encarna, Donostiako Antiguo auzoan jaio zan 1924an. Gerrea etorri zanean, 1937an, hamahiru urte egiteko zala, Santurtzitik itsasontzian urten eta beste makinatxu bat umegaz batera, Errusiara joan zan erbesteratuta. Zoritxarrez, hasieran hiru hilabeterako zan bidaia, hogei urtez luzatu zan.

Denpora-tarte horretan bizipen latzak bizi izan zituan, Bigarren Mundu Gerrea besteak beste. Baina beste alde batetik, umetan amestu bako bizimodua euki eban: goi mailako ikasketak egin, geografia irakaslea izan, eguraldi eta atmosfera kontuak ikertu…

Edozelan bere, ez eban inoz Euskal Herrira bueltetako esperantzea galdu. Encarna, plazer eta suerte itzela izan da zu ezagutzeko aukera euki izana. Guztiontzako eredua zara.

0

Apuntes de Etnografía deritxan blogean gai barriak argitaratzen hasi gara irailagaz batera. Udako oporrak joanda, astero-astero, barikuetan, egiten dogun etnografia zabaltzeari ekin deutsagu barriro.

Ia hiru urte dira honezkero artikuluak astero argitara emoten dirana. Era askotako gaiak lantzen dira bertan, beti be modu dibulgatiboan, gure herri-jakintza ahalik eta gehien hedatzeko.

Gaztelaniaz eta ingelesez idazten da, eta sarean ikusi ezeze, harpidetu eta apunteok email bidez jasoteko bidea be badago. Iraileko lehenengo artikuluak “Medios de transporte en el caserío” dauka izenburua, eta Segundo Oar-Artetak sinatuta dator; Jaione Bilbaok ingeleseratu dau hau, “Means of transport on the farm“, baita aurrekoak be.

0

Labayru Fundazioak hainbat hamarkada daroaz bizimodu tradizionalari buruzko informazinoa batzen, ikertzen eta gizarteratzen. Aurten be, daborduko, hainbat herritarren testigantzak batu dauz, eta www.herriondarea.eus atarian argitaratu, besteak beste: Zeberioko Manu Etxebarriak mitologiaren gainean kontautakoak; Zeanuriko Enrike Etxebarriak artzaintzari buruz azaldutakoak; Zeanuriko Ander Manterolak erroteari buruz esandakoak eta egurraren eta basoaren gainean Atxondoko Jesus Eguzkiza Eguzkik ondo baino hobeto ezagutzen dituanak.

 (gehiago…)

0

Arrigorriagako Udalagaz daukan hitzarmenari esker, Labayru Fundazioa orain hiru urte hasi zan udalerri horretako toponimia ikertzen. 2016 eta 2017an Foru Artxibategiko fondoen hustuketea egin zan; besteak beste Udal Saila, Atal administratiboa eta Protokolo notarialak errebisau ziran. Lan horri esker, 700 leku-izen inguru batu ziran, eta bide batez, toponimo bakotxak denporan zehar izan dituan izendapen desbardinak bildu dira.

Aurtengo egitasmoaren helburua batutako informazino horren ahozko kontrastea egitea da. Horretarako bideo-grabazinoen bidez, toponimoak banan-banan herriko lekukoakaz baieztu eta egiaztau behar dira. Hau da leku-izenek izan daben bilakaerea ezagutzeko modu zuzenena, eta izenak espazio jakin baten kokatzeko modua.

Arrigorriagak XX. mendean izan eban aldaketea kontuan hartuta, ez da lan erraza eskuartean daukaguna. Gure lekukoek ezagututako herria eta gaur egunekoa guztiz aldenduta dagoz; baserri, solo eta arlo gehienak desagertuta dagoz eta sarri ez da euren oroitzapenik geratzen.

Etorkizunean, bilketa bietatik jasotako informazinoagaz arautuko dira Arrigorriagako toponimoak.