San Martin familiako kideak Derioko Euskal Bibliotekara bisitan etorri dira irailaren 9an. Jose Mari Argoitia zanaren senideek Labayru Fundaziora bideratu dabez haren ondasunetako batzuk, kultura-gaietako liburu, disko eta bideoak gehien baten. Helburua da ez daitezala galdu; horregaitik, Euskal Bibliotekari eretxi deutsie gordailu egokia, katea eten barik, beste batzuen eskura geratu daitezan.
Jose Mari Argoitia (Ondarroa 1958-Loiu 2016) kazetari moduan behar egin eban EITBn, batez be kultura eta musikako saioetan. Horrez ganera, oso ezaguna zan kulturako arloetan, kantari oso ezagunen kantuen sortzailea, kultur ekintzen eragile… Bere jakituria eta jakinmina neurri bakoak ziran, eta horren erakusle dira etxean zituan liburu, disko, bideo, aldizkari eta euskarri guztietako argitalpenak.
Ondorengoek horreek Labayru Fundazioaren esku jarri ditue, eta honek apurka-apurka bere katalogoan txertatuko ditu, gura dauenak konsultea eskura euki daian.
Ikasturte honetarako Labayru Fundazioak euskera ikasteko edo lantzeko eskaintza zabala dakar. Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak, agiriak aterateko azterketak prestetakoak, nahiz ikastaro bereziagoak: itzulpengintza, kultura-gaiak, bizkaiera, mintzamena…
Berezienen artean dagoz HABEko 4. maila prestetako ikastaroa, eta EGA ateratekoa. Izan be, Labayru bera aztertzailea da eta bertan egin daiteke azterketa.
Ordutegi aldetik be, aukera zabala dago, goiz eta arrasti, ikastaro trinko zein urte osokoak.
Eta enpresei begira, esperientzia handia daukagu bakotxaren beharlekuan bertan emoten eskolak.
Igaro dan abuztuaren 10ean joan jakun gure artetik Juan Zelaia (Oñati, 1920-2016) enpresagizon eta euskal ongile handia, 96 urtera ailegatu hurren (abuztuaren 29an jaioa zan), bizitza luze bizi eragin eta emoitsu baten ondorik. Juanito esaten eutsen etxekotasunez lagun eta ezagun hurrekoek.
Aspalditxuon ez geunkan haren barri handirik, baina badakigu geldi egon ez dana, harik eta osasunak lagundu deutsan arte. Burua argi azkeneraino. Osasunez be oraintsura arte ondo antzean. Osasun arazo txikiren bat zalako bat korapilatu jakon azkenean eta halantxe ustekabean alde egin deusku. (gehiago…)