Kategoria: Hizkuntza

0

Labayru Fundazioak EGA azterketarako deialdia egiten dau urtean birritan, uztailean eta urrian. Aurtengo lehenengo deialdirako izena emoteko epea zabalik dago ekainean zehar.

Azterketa egunak uztailaren 12 eta 14 izango dira, gure Boluetako egoitzan bertan. Gogoan hartu, azterketara aurkeztu ahal izateko gure ikastaroa eginda euki behar dala, eta horretarako aukera dago ekainaren 27tik uztailaren 9ra bitartean. Izena emoteko aldia zabalik dago.

0

Bilboko Liburu Azokaren programaren barruan, hilaren 7an Andres Urrutiari ‘Urrezko Luma’ emon deutsie. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak emon deutso saria.

Andres Urrutia urte askoan dabil euskeraren inguruko zereginetan buru-belarri beharren ekinean. Euskaltzainburua da, eta horrez ganera, notario moduan bere lana euskeraz egiteko eta zuzenbidean euskerea normalizetako lan handia egin dau.

Euskalgintzako beste alkarte eta erakunde askotan be badabil, baina Labayru Fundazioari jagokonez, laguntzailea da joan daneko hogeta hamar urteotan. Bertako Derioko Ikastaroetan ikasle lehenengo, eta irakasle gero, jardun izan dau; Eusebio Erkiaga eta J.B. Eguzkitza idazleen lanen edizinoak atondu ditu Labayruko bildumetan argitaratzeko. Berbondo eta Orrialdeak izeneko narrazino-liburuak idatzi ditu; eta horrez ganera, Idatz & Mintz eta Litterae Vasconicae aldizkarietan hainbat artikulu argitaratu izan ditu.

Zorionak sari barriagaitik!

0

Kili-Kili. Euskera pozgarri izeneko erakusketa bagilaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilboko Euskal Museoan. Martian zabaldu zanetik, hainbeste bisitari izan ditu. Ikusi bideoa.

Erakusketan Kili-Kili mutiko euskaltzalearen barri emoten da zabal. San Antonen jaio eta handik Euskal Herri osora hedatu zan. Hainbeste umeri lagundu eutsien alfabetatzen lehenengo, eta euskalduntzen gero. Argitalpen asko egin izan ditu 50 urteotan: ariketak, irakurgaiak, kartelak, pegatinak…

Jose Antonio Retolaza eta Lander Gallastegi izan zituan egile, eta eurak be agirian dagoz erakusketan.

Euskerearen irakaskuntzaren historian kate-begi garrantzitsua dogu Kili-Kili.

0

Labayru Fundazioak Udako Euskal Ikastaroak iragarri ditu. Aurten be bagila-garagarrila bitartean hamabostaldiko ikastaro bi eskainiko ditu.

Alfabetatze eta euskalduntzeko ikastaroak ezeze, beste gai bereziago batzuk be eskaintzen dira; esaterako, itzulpenak EGA prestetakoa edo bizkaiera lantzekoa.

Ikastarook egin ostean ikasleek EGAko azterketa Labayrun bertan egiteko eukiko dabe.

Udako Euskal Ikastaroak.