Azaroaren 16an, Bilbozarra Forumek eratuta, hitzaldi-kantaldia egin dabe Bilbon Jabier Kalzakortak eta Maddi Oihenartek.
Iparraldeko herri-kantuen errepertorioa erabili eben, Jabierren argibideak eta azalpenak emon eta Maddik abestu. Ez da lehenengo aldia formato horretan bat egiten dabena, eta oso erakargarria da entzuleentzat. Izan be, Maddik Zuberoako erara emoten ditu kantuak, baina tradizinotik datozan bersinoak sarritan gatxak dira entzuleentzat esangurea ondo aituteko. Jabier Kalzakortak ondo mamurtuta daukaz kantuok, noizkoak diran, ze argumenturi jagokien, personaien nondik norakoak, gorabeheren zertzeladak, berba bakotxaren esangurea, zergaitia, aldaera kasuan-kasuan zein dan… Argibideok entzuleentzat guztiz lagungarriak dira kantuari beste neurri bat emoteko.
Euskaltzaindiaren egoitzako aretoa bete egin zan eta entzuleak gustura joan ziran, bai horixe.
Mintzolak eratuta, urriaren 27an jardunaldia egin dabe Villabonan kantu tradizionalak batu eta gordeten jarduten daben lau erakundek. Hizlariak izan dira Maite Deliart Euskal Kultur Erakundearen izenean; Jon Bagues Eresbilen zuzendaria; Jean Mixel Bedaxagar Sü Aziako burua eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren ordezkari. Gai-jartzaile Nere Erkiaga, Xenpelar Dokumentazio Zentrokoak jardun dau. (gehiago…)
San Martin familiako kideak Derioko Euskal Bibliotekara bisitan etorri dira irailaren 9an. Jose Mari Argoitia zanaren senideek Labayru Fundaziora bideratu dabez haren ondasunetako batzuk, kultura-gaietako liburu, disko eta bideoak gehien baten. Helburua da ez daitezala galdu; horregaitik, Euskal Bibliotekari eretxi deutsie gordailu egokia, katea eten barik, beste batzuen eskura geratu daitezan.
Jose Mari Argoitia (Ondarroa 1958-Loiu 2016) kazetari moduan behar egin eban EITBn, batez be kultura eta musikako saioetan. Horrez ganera, oso ezaguna zan kulturako arloetan, kantari oso ezagunen kantuen sortzailea, kultur ekintzen eragile… Bere jakituria eta jakinmina neurri bakoak ziran, eta horren erakusle dira etxean zituan liburu, disko, bideo, aldizkari eta euskarri guztietako argitalpenak.
Ondorengoek horreek Labayru Fundazioaren esku jarri ditue, eta honek apurka-apurka bere katalogoan txertatuko ditu, gura dauenak konsultea eskura euki daian.