Etnografia atalak

~
0

Herriko agintariak Arantzazun. Arratia, 1919. Egilea: Indalecio Ojanguren.

Euskaldunon egutegian, ondo markatutako data da irailaren 29a, Done Mikel ohoratzen baita, gure zaindaria, zeruko goiaingeruen artetik ezagunena eta gudazaleena.

Baina, era berean, data hau ezaguna zen zituen ondorio praktikoengatik, herri-kulturan nekazaritza urtearen amaiera mugatzen zuen zedarria zelako. Beste modu batera esanda eta denboran atzera eginez, uda eta udazkena mugatzen dituen ekinokzio astronomikoari dagokion ospakizun kristautua da.

Horregatik, egun horretan, toki askotan, hasiera eguna izaten zen herri-basoetan orbela edo iratzeak biltzen hasteko, neguko larreetan artaldeak sartzeko, burdinola edo elur-zuloen egokitzapen lanak hasteko; errotak, tabernak edo etxebizitzak alokatzeko kontratuak berritzeko. Edo, beste bitxikeria batzuen artean, herrietako kargu publikoak berritzeko.

 (gehiago…)

0

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Jata mendiaren ekialdeko adarrek zedarritzen dituzten muinoetako batean ezkutatuta dago Zumetzagako San Migel baseliza, bakardadeak eta misterioak inguraturik. Mendetako haritzek, gaztainondoek eta milaka urteko arteren batek zabaltzen dute beren itzal babeslea tenplu xume baina historiko honen gainean. XII. mendearen amaieran eraiki zutela uste da, estilo erromaniko berantiarrean. Haren alboan, harribitxi eder hori zaintzen, Zumetzaga baserria dago.

Eraikin apala da baseliza, ekialdera begira dago eta nabe angeluzuzen bakarra du; abside ia karratu bat du buruan. Kanpoaldean, kontrahorma sendoak ditu, irudi guztiz berezia ematen diotenak. Hormak zein gangak harlangaitzez eginak dira, eta fatxada bakoitzean bao bat dago. Horietako hiru sartzeko dira, eta elizaren burualdean leiho txiki bat dago. Leiho horretatik sartzen da, hain zuzen, barrualdea argitzen duen argi apurra. Leiho hori eta hegoaldera begira dagoen atea dira eraikinaren egitura interesgarrienak.

 (gehiago…)

0

Txaranga Santakrutz jaietan, Lezon. Argazkia: E. X. Dueñas (2019/09/15).

Beharbada ez gara konturatzen, eguneroko bizitzak gaur duen inertziarengatik, baina, oro har, dibertitzeko orduan falta izaten ez dena, batez ere jai, asteburu eta askotariko ospakizunetan, musika da.

Melodiak interpretatzeko beharra, hainbat arrazoirengatik, guztiz aspaldikoa bada ere, azken mendeetan, funtsean, bi erabilera atzematen ditugu kaleko eremuan: ludikoa edo aisialdikoa; eta errituala (erlijiosoa eta/edo zibila). Gainera, ibiltari edo mugikorra izateak, batetik, eta finko edo estatikoa, bestetik, bat dator protagonista zuzenen, musikarien, presentziarekin: ikasiak eta eskolagabeak; afizionatuak, profesionalak eta eskaleak; instrumentalak edo ahotsak lagundutakoak; autoktonoak edo kanpotarrak.

 (gehiago…)

0

Leire Ibarrola gaztagilea. Izoria (Araba), 2023-04-03. Egilea: Fernando Hualde.

Gaztagintza tradizionalari buruz ikuspegi etnografiko batetik hitz egiteak, gura barik, artzaina dakarkigu gogora, mamia zurezko molde baten gainean estutzen ari dela, ahalik eta gazur gehien ateratzeko; hori izan da, behintzat, Gorbeian, Aralarren, Urbasan eta Iratin ikusi den ohiko irudia, eta ez zaigu arrazoirik falta.

Hala ere, aitortu behar da leku guztietan ez dela berdina izan. Gure herrian badugu zerbait ―eta horrek argi eta garbi bereizten gaitu beste eskualde eta eremu geografiko batzuetatik―: gure arbasoek gazta egiteko erabiltzen zituzten metodo eta tresnak aztertzean ikusi genuenez, hemen beste lekuetan baino askotarikoagoa den aukera eta aberastasun etnografikoa dugu. Horretaz ohartzeko, nahikoa izango zen antzina gazura ateratzeko erabiltzen ziren moldeei erreparatzea; baziren zurezkoak (hondodunak eta hondorik gabeak, uztai finkokoak eta uztai doigarrikoak, gaztainaz, pagoz, urkiz eta abarrez eginak…), zeramikazkoak, zinkezkoak, zumitzezkoak eta abar. (gehiago…)