Nahiz eta Inauteriak deitu izan ziren, garai batean, herrialde honetan, Neguko festa nagusia, Katolizismoaren esparruan eta Gabonetako zikloa alde batera utzita, Santa Ageda ospakizunak, aurreko Kandelario eta San Blasekin, kutsu sakratu-ludikoa duen “jai-trilogia” dei genezakeena osatu dute. (gehiago…)
Garai batean behiak eskuz zelan jezten edo erasten zituzten hartuko dugu hizpide. Behiak eraisteko, nolabaiteko giro lasaia sortu behar izaten zen ukuiluan. Kortako azpiak garbitu, eta behiei pentsua botatzen zitzaien askan, geldi-geldi egon zitezen.
Balde batean ura jarrita, ondo garbitzen zitzaizkion animaliari erroak, errapea. Eta, gero, aulkia hartzen zen, hiru hankakoa eta erdian zulo bat zuena, batetik bestera erraz eroateko modukoa.
Antzina, zuzenean jezten zen esnea zinkezko balde batera; baina, gerora, hura erortzeko arriskua zela-eta, lehenengo tanke edo ontzi batera ateratzen zen esnea eta handik baldera botatzen zuten. Hala ere, zuzenean baldera eraitsiz gero, bereziki plastikozko baldeen erabilera zabaldu zenean, ontziari belaunez eta oinez ondo eusteko ardura hartu beharra zegoen, ontzi horiek ez baitira batere egonkorrak.
Itsasontzigintzan zuraren ordez material sintetikoak erabiltzeak arrantza-portuen kolorearen desagertzeaz batera, ia oharkabean identitate-galera bat ere ekarri du.
Kolorea itsasontzien eta arrantza-portuen ezaugarri da munduko edozein bazterretan; eta kolore-sorta zehatz bat, itsasontzien formekin eta zenbait elementurekin batera, herrialde bakoitzaren bereizgarri. Euskal portuetan, esaterako, urdina, gorria eta berdea dira kolore nagusiak, eta nekez aurkituko ditugu beltza edo horia. Kolore-sorta hori herrien izaerari lotua dago nonbait, mundua ulertzeko modu bati, eta garatuz joan da identitate-adierazle bihurtzera ailegatu arte. (gehiago…)
«Krimarik ez dut ez egin nik johaiteko Herritik… Larrazkenak behar ote nau urrundu Luhusoatik?» idatzi zuen Enaut Etxamendi kantariak 1971ko udazkenean (Luhosoko kantua). Alegia, uda betean deliberatu zuten Luhusoko kaolin (edo harri xuri) meategien ustiatze lantegiaren hestea, errentagarritasun eskasez. 1971ko uztailaren 31n hetsi zuten enpresa. Bi egun berantago, langileek protesta eraman zuten, «Lana Euzkadin» banderola baten pean. Garai haietan azkartzen ari zen Enbata mugimenduko sortzaileen sustengua izan zuten baita tokiko hautetsi batzuena ere. Enpresa okupatu eta Garaziko bidea trabaturik ere, enpresa deslokalizatu zuten eta, urteen poderioz, harri xuriaren meategien haitzak lurpean ezkutatu dira. Gaur egun Luhuson gaindi ibiltzen denak ez du aztarnik izanen agerian. Doi bat miatuz, haatik, lehengo galeria eta tuneletako zuloak aurki ditzake. (gehiago…)