Lehenik eta behin, euskal lurraldeari dagokionez behintzat, ustezko ohitura bitxia, zaharra eta polemikoa dela esan dezakegu couvade deritzona —frantsezeko couver ‘inkubatu, txitatu, hazi’ aditzetik eratorritako izena—.
Gaztelaniazko Diccionario de la lengua española hiztegi arautzaileak dionez, Asia eta Ameriketako paraje batzuetako ohitura bizia da covada izenekoa, eta, garai batean, Espainiako iparraldean ere jaso omen zen: seme-alaba bat izan ondoren, aita oheratu egiten zen haurrarekin batera, eta hark erakartzen zuen etxekoen arreta, ama eguneroko zereginetara itzultzen zen bitartean. Britannica ingeleseko entziklopedia orokorrak, bestalde, duela gutxiko edizio batean, euskaldunei eta brasildarrei egotzitako ohikune bezala deskribatzen du. (gehiago…)
Garai batean, Karrantza Haraneko (Bizkaia) basoetan egur-ikatz asko egiten zen. Hori zen, hain justu ere, inguruetako egurraren erabilera nagusienetarikoa.
Oro har, ikatza egiteko sasoia martxoan hasi eta azarora arte luzatzen zen. Egurra (gaztainondoa, artea, pagoa edo haritza) neguan moztu eta prestatzen zen trontza, aizkora, borra eta ziriz.
Lehenengo-lehenengo, txondorra izeneko egur-pilaketa eratuko zen ikaztokia berdindu behar zen, aitzur eta palekin. Txondor-larrain horri forma zirkularra ematen zitzaion, eta mendi hegalean eraikitzen zirenetan, hesiak altxatzen ziren harri lehorrez, goiko aldetik ateratako lurrari eutsi ziezaioten.
Nire ikerketetan lehentasunik eman izan ez diodan arren, izugarri gustatzen zait gizakiaren heriotzaren inguruko gaiak hartzen duen eremu zabala. Kasu zehatz honetan, hildakoen kultua adierazteko moduei dagokiena: ustezko beste munduan amaitzen den bizitza.
Bizkaitarra naiz, eta lurralde horretan hilerri gutxi ikusi ditut eliza edo ermiten ondo-ondoan. Horregatik, ilusioz-edo gogoratzen dut nola, Lapurdiko bat bisitatu nuen lehen aldian (Nafarroa Beherea eta Zuberoakoek antzeko ezaugarriak dituzte), harritu ninduten inguruaren garbiak eta zainduak, ornamentazioak, souvenirrek edota hilarriek.
Memorial literario, instructivo y curioso de la Corte de Madrid izeneko aldizkaria (hilerokoa hasieran eta hamabost egunez behingoa gerora) 1784ko urtarriletik 1790eko abendura bitartean argitaratu zen, Espainiako gobernuak gainerako prentsa nagusi gehiena bezala deuseztatu zuen arte. Horrela, Frantzian gogor zebilen Iraultza Pirinioen hegoaldera hedatzea saihestu nahi zen.
1785eko urrian agertu zen “Una fiesta de toros” kronika; eta, bertan, “hil honetako 3an, 7an, 17an eta 24an Alcaláko Ateko harresiz kanpoko Plazan (1749tik Madrilgo zezen-plaza nagusia, 1874an eraitsi zen arte) egin ziren” zezenketa batzuen berri ematen zen. Idatzi horretan, paragrafo hau irakurri dugu, urriaren 24ko zezenketari buruzkoa (egungo arau akademikoen arabera erregularizatutako ortografiaz):