Bizkaian, sagarrondoak aspaldi-aspalditik landu izan dira, eta horrexegatik dago hainbeste sagar mota gure artean, jatekoak zein sagardoa egitekoak. Orain arteko landa-lanetan jasotako batzuk aipatzearren: kana-sagarra, sanjuan-sagarra, sanpedro-sagarra, santiago-sagarra, sanbartolome-sagarra, urdin sagarra, gaza sagarra, erreinetea, txarbea, papu gorria, madari-sagarra, limoi-sagarra, menbrilu-sagarra, bost kantoia, sagar gorria…
Fruta-arbola hori Bizkaiko klima hezera eginda dago, eta bere fruituek negu osoa ez ezik udaberrira arte irauten dute usteldu gabe, ganbaretan modu egokian gordeta. Adibiderako urtebete izenez ezagutzen dena aipatu daiteke.
Badira munduan, batez ere Europan, auzo-batzarretako lekuko isil izan diren zuhaitzak. Horien ondoan, normalean, ermita edo edikulu bat eta harrizko mahai bat egoten ziren, edo, Gernikaren kasuan bezala, zin egiteko tribuna bat. Caro Barojak dionez, zuhaitzek, eta bereziki haritzak, esanahi sakona dute bizitza kolektibo, politiko eta legalean.
Hamaikatxo adibide daude Euskal Herrian, baina Gernikako Arbola nabarmentzen da denen artean, gure herriaren zuhaitz bereizgarria den haritza, luzaroan irauteagatik, bizi-bizirik jarraitzeagatik eta tradizioaren ikurra izateagatik. Beste horrenbeste gertatzen da sinbolizatzen dituen foruekin, Euskal Herriak gogoz eta adorez defendatu dituenak.
Zuberoara joko dugu, Maule (Mauleón-Licharre) ingurura. Bertan trebatu ziren, XVIII. mendean, lihogintzan eta kalamugintzan jarduten zuten langileek oinetako klase berezi bat egiten: espartinak. Eta, hain zuzen ere, horiek izan ziren Maule mapan jarri zutenak.
XIX. mendearen erdialdean, migrazioari eta Frantziako iparraldeko meatzariei esker, hasiera batean eskuz egiten ziren espartinen eskaria izugarri hazi zen; izan ere, industrializazio-prozesuak aurrera egin ahala, beharrezkoa izan zen kanpoko eskulana biltzea.
Mahatsa biltzeko sasoia da Euskal Herrian. Azidotasuna, azukrea eta beste hiru edo lau parametro kontrolatzeko analisien bidez, txakolin-ekoizleek mahatsaren heltze-maila optimoa bilatzeko ahaleginetan dabiltza.
Gure baserrietan ohikoa izan da txakolina egitea, etxekoen kontsumorako. Mahatsondoak baratze eta soro-ertzetan landatzen ziren gehienbat, baita soroak banatzeko balio zuten ilaretan ere. Duela mende-laurden bat, dozena bat hektarea mahasti inguru zeuden Bizkaian; gaur, laurehun baino gehiago daude.