Labayru Gaur

0

Durangoko Liburu eta Disko Azokan urtean zehar Labayru Fundazioak argitaratu dituan liburu eta aldizkariak izango ditugu ikusgai eta salgai.

Literaturan, Jabier Kalzakortaren Euskal baladak liburu bikotxagaz batera, Bitañoren narrazinoak batzen dituena, Mugarrapetik kontu kontari izenburuagaz. Idatz & Mintz aldizkariaren 64. zenbakia, separata eta guzti, Marcel Schwoben Umeen gurutzada.

Jarein bilduman Jose Mari Rementeriak ondutako Euskerazko dotrinak izeneko liburua, katalogo antzera atondua.

Gurean zer berri? saileko bigarren aleak, etnografiako gai laburren bilduma dakar. Eta Euskerazaleak 50 urte 1967-2017 liburuan alkartearen berrogeta hamar urteko ibilbidearen laburpena jasoten da.

Bizkaierazko aditza. Hirugarrena euskera ikasten dabilzanentzako ariketa-liburua da, aurretik egindako beste biren jarraipen modura datorrena.

0

Jose Mari Irazola hil da, 80 urte dituala. Elorrion jaio, abadetzarako ikasketak egin eta abade emon dau bizitza osoa. Baina abadetza ez eze, beste zaletasun bat be euki dau, bizi osoan landu izan dauena: euskerea.

Derioko Udako Ikastaroa hasi zanean, hasiera-hasieratik parte hartu eban. Aditza irakasten eban, baita ikasliburuak prestau be, bizkaieratik hasi eta aditz-sistema batua irakasteko, eredu biak buztartu guran.

Euskera irakasle izan da bizitza profesionalean, Bilboko Hizkuntza Eskolan, erretiroa hartu arte. Han be hainbat ikas-material atondu ebazan: deklinabidea, joskerea, atzizkiak, aditza, testualtasuna… Gizon ikasia eta jantzia zan, euskerea bizi ebana.

Euskerea barru-barrutik urteten jakon, berbaldun ona. Haren sermoiak atsegin-argiak izaten ziran, edonok errez aituteko modukoak, euskaldunen belarrietan berez-berez sartzen ziranak.

Baina Labayrugaz barriro euki eban hartu-emona, etxea itxi behar ebala-ta, hutsituten hasi zanean, euskal gaiei buruzko liburuak Euskal Bibliotekarako emon ebazan. Euskal hizkuntza eta literaturako hainbat liburu, behar dan moduan enkuadernautakoak, batzuk lehenengo edizinoak, eta beste asko gatxak topetan, berak erositako garaian batez be.

0

Aurten be Berbagunean parte hartu dogu, Azkuna Zentroan, Bilboko Alondegian. Ekimen honen helburua da euskerea Bilbo erdi-erdira ateratea, euskera arean dakien guztiek parte hartuta. Bilbok euskerea behar dau, eta euskereak Bilbo esanda dago. Jarduera honen bitartez, euskerea Bilboko bihotzean agirian jarri gura da, eta Bilbo euskalduna erakutsi.

Urtero lez, aurten be gure ikasle-irakasleek parte hartu dabe, beste askoren artean. Aurten, ganera, Euskaraldian bete-betean gagozala, inoiz baino gehiago dator harira.

Hainbat lagunek osotu dabe hiztun multzoa, era guztietakoak: berezko euskaldunak, euskera ikasi dabenak, ikasten dabizanak, maite dabenak. Ariketea hizkuntza erabiltea baino ez da, bakotxak dakian heinean eta dakian moduan.

0

Joan dan azaroaren 24an, Udalak Euskaraldiaren barruan antolatu dituan ekitaldien artean, Akaitze Kamiruagak hitzaldia emon eban Gatikako jubiladuen etxean, Labayru Fundazioan lantzen dabilen egitasmoa gaitzat hartuta: Gatikako baserrien katalogoa egitea.

Baserrien katalogoa egiteko, lehenengo eta behin, idatzizko artxiboak hustu dira: XVIII. mendeko Bizkaiko Sutegiak eta Foru Aldundian digitalizauta dagozan artxiboak, besteak beste. Horren ondoren jasotako informazinoa herriko lekukoakaz kontrastau da, eta bide batez baserriak izendatzeko erabilten diran ahozko formak batu dira.

Baserrietako argazkiak egin eta gero, ikerketearen emaitza abenduan kaleratuko da. Gitxi gorabehera, 100 baserri inguruk osotuko dabe katalogoa; danak 1850 baino lehenago eregitakoak. Udalaren asmoa da katalogoa herriko etxe guztietara banatutea.