Labayru Gaur

0

Joan dan otsailaren 16an Maruri-Jatabeko baserriak izeneko lana aurkeztu dogu herriko kulturetxean. Aretoa bete bete egin da, herritarren interesaren erakusgarri.

Aurkezpenean Erlantz Urresti alkateak, Isaak Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak, Igone Etxebarria Labayruko zuzendariak eta Ziortza Artabe Labayruko teknikariak parte hartu dabe.  Horrez ganera, Taket bertso eskolako bertsolariek jantzi dabe ekitaldia, Erraturie txalaparta-taldekoakaz batera. Ekitaldia amaitzeko talo-jana eskaini jake bertaratutako guztiei. (gehiago…)

0

Gure komunikazino-estrategiaren barruan, sareak oso garrantzitsuak dira. Orain arte Facebook, X, Instagram eta Youtuben egon bagara, aurtengo urte hasieratik LinkedIn sarean be sartu gara.

Aurrerantzean hor be emongo dogu gure jardueren barri aldian-aldian, beste erabiltzaile batzuengana be heldu ahal izateko.

Animatu eta jarraitu Labayru LinkedInen!

0

Idatz & Mintz – Literatur atalen sorta aldizkaria 75. zenbakira heldu da. Berrogei urtetik gorako ibilbidean zenbaki biribila hartu dau oraingoan.

Aurreko aleetako kolaboradoreek parte hartu dabe oraingoan be gehien baten. Hona alea osotzen daben artikuluak: Miren Agur Meaberen “Fabula arrunta”, Lourdes Unzuetaren “Kaiuko bat desegite gunean”, Luigi Anselmiren “Olerkiak”, Galder Urzaaren “Sokatxoa”, Iratxe Ormatza Imatzen “Komikia”, Amaia Iturbideren “Erakusleihoek moldatu gaitzakete”, Jose Mari Kortazarren “Aita Brown Kanalara”, Eneko Urizarren “Zazpi eta bost”, Xabier Bovedaren “Sergei Esenin, Errusiako paradisu galduaren nekazari-poeta”, eta Jabier Kaltzakortaren “’Basajaun eta lamiñak’, 1924ko testu zuberotarra”. (gehiago…)

0

Bilbao aldizkaria Bilboko udalak ateraten dau, uriko hainbat barri emonaz, kultura arlokoak batez be. Aurtengo lehenengo zenbakian, urtarrilekoan, Labayruren ganeko artikulu bi datoz.

Batean, 10. orrian, “Transmisioa bermatzeko ahalegina” izenburuagaz, Labayruren jarduerak, lan egiteko arloak, eta gure ibilbide luzean arakatutako esparruen barri emoten da.  Bigarrenean, kontrazalean, Igone Etxebarria zuzendariari egindako alkarrizketa dator, euskerearen egoeraz, etorkizuneko erronkez, eta horri erantzuteko Labayrun egiten dan lanaz diharduela.