Beti interesatu izan zait gizakion burmuinak zer gaitasun eta bizitzak aurrera egin ahala zer portaera dituen jakitea; izan ere, ezezaguna eta harrigarria da, baita ikuspuntu zientifikotik ere. Horrenbestez, ezaugarri dudan adoreak lagunduta, hausnarketa kritiko ausarta egingo dut.
Bizipenak eta horiek oroimenean sorrarazten dituzten oroitzapenak dira gizakiaren eta gainerako animalien arteko desberdintasun nagusietakoak, esperientziatik bestelakoak eta denbora-espazio jakin batean eratzen direnak. Ahula bezain selektiboa da oroimena; eta fisikoa bezain psikikoa, kontzeptuari eta prozesuari dagokienez. Hala ere, oroitzapenik gogora etorri ezean, ahanztura nagusitzen da, zahartzaroko aje eta nekeek, Alzheimer gaitzak, narriadura kognitiboak eta abarrek eraginda.
Uda ez da amaitu, ez horixe! Ortuak sasoi onean daude oraindik ere eta barazki ederrak ematen dizkigute: lekak, kalabazinak, zerbak, tomateak, piperrak, letxugak…
Sarri, barazkiak eta frutak ortutik hara jaten ditugu, baina freskotan barik, urte osoan eskura eduki ahal izateko, modu desberdinak erabili izan dira. Ezagunenak hauexek dira: sikatzen uztea, azukretan edo ozpinetan gordetzea, ontzietan sartzea, eta gaur egun, elikagaiok izoztea.
Artzain-kulturaren barruan, horren etnografiaren barruan eta, batez ere, artzain-lanbidearen inguruko artisautzaren barruan, badira aurkezteko beharrik ez duten zenbait tresna eta tresneria; beste batzuei, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie, ez ezagutzen ez ditugulako, baizik eta maiz beren izena jakin ez dakigulako. Azken horien artean daude uztaiak, gaztelaniaz canablas edota cañablas deritzotenak.
Abereen lepokoei buruz ari gara. Izan ere, ardiek, ahuntzek, behiek eta zaldiek uztaia daramate lepoaren bueltan, eta zintzarria hantxetik zintzilik, artzainak entzun, antzeman eta koka ditzan. Oharkabean pasatzen dira gehientxoetan uztaiok, horietatik esekitzen diren zintzarri, arran edo ezkilak deigarriagoak baitira. Artzainek berek zurez egindako uztaiak aztertuko ditugu honako lerro hauetan, larruzko uhalak nagusitzen ari direlako pixkanaka-pixkanaka, eta litekeena delako epe labur edo ertainean desagertzea.
Europako talde tradizionaletan, helduarora igarotzeko sozializazio-prozesuak eta gazteen adin-kategoriari erantsitako rolak funtsezko garrantzia izan dute. Izan ere, funtsezkotasun hori nabaria izan da: gazteria inplikatu egiten zen gizarte-ekintzetan, belaunaldi gazteek heldu eta zaharren lekua eta erantzukizuna bereganatzen zituzten, lanean zein bestelakoetan, eta dikotomia orekatua zen nagusi gizarte-kontrolaren eta bizitzaren aldi horri dagozkion zenbait askatasun edo onargarritasunen artean. Hau da, honako hauek izan ohi ziren beren eginkizunak: tokian tokiko muga geografikoak defendatzea eta armak modu antolatuan erabiltzea; gainbegiratzea eta zentsuratzea, ohituretatik desbideratuz gero; gainerako gazteei auzotasun ona erakusteko gonbit egitea, bai herrian bertan, bai inguruko herrien artean, eta, ageriko lehietan, agente aktiboak izatea; agintari eta herritar gorenei kortesiazko bisitak-eta egitea; eta prest egotea auzolanean gogotsu laguntzeko. Gazteriaren eskuetan zegoen, jakina, belaunaldien jarraipena ahalbidetzen duen birsortzeko ahalmena.