Jakina da data finkoa duten eguzki-ospakizunek eta jaiegun aldakorrek (Pazko-ilargi betearen arabera ezarriak) osatzen dutela urteko jai-zikloa. Gainera, jai guztien artean, batetik, jai nagusiak (San Joan, Gorpuzti, zaindarien egunak…) bereiz daitezke, kristau-liturgietan garrantzi handiko ospakizun generikoak; bestetik, jai txikiak, debozio herrikoiek sustatuak (osterantzeko santu-egunak, Andre Mariaren agerpenak, mirariak, erreguak…), tokian-tokian, gure herrietako auzo-auzune eta inguruetako gurtzarako guneetan.
Testuinguru horretan, herrietako tradiziozko festarik gehienak uda-partean (oparoaldiaren edo oparotasunaren sinboloa) pilatzen dira, eta, neurri txikiagoan, urteko gainerako egunetan. San Joan egunaren inguruko ospakizunek (ekainaren 24a) ematen die hasiera aldi honi, eta San Migel jaiek (irailaren 29a) dakarte amaiera. Udako jai guzti horietan, komunitatearen gizarte-egituraketa zein elkarreragin hitzartuak islatzen dira, eta jarraian azalduko dugun eskema komun eta zehatz samar baten arabera antolatzen dira.
Sei urte bete zituen egunean bertan jausi zitzaion lehenengo esne-hagina Ekaini, ia konturatu ere egin barik jausi ere. Egunak egin zituen haginak kili-kolo; eta sagar zati bat jaten zebilela, plausta, lurrera erori zen.
Umeak bost-sei urte dituenean hasi ohi dira galtzen lehenengo haginak; normalean, aurreko erdiko hortzak, ebakitzaileak, lasaitzen direnean. Txikientzat etapa berri baten hasiera dakar jazoera horrek; haurrak haur izateari utziko dio laster.
Pertsona edo talde batek bere gain hartzen duen erantzukizuna da konpromisoa, zereginen bat egiteko ematen den hitza. Balio-iritziak alde batera utzita, jakina da iraganean konpromiso batzuk behin betiko hartzen zirela. Batzuentzat jokabide horrek indarra galdu duela esan daiteke, bai iraupenari bai edukiari dagokionez.
Ezkontza, adibidez, betiko zen, harik eta heriotzak bikotea banandu arte. Gaur egun, berriz, elkartzeak definizioz dira aldi baterakoak; izan ere, bikote-, familia- zein auzo-harremanak harreman ‘likidoak’ direla esaten da, hain dira ahul eta hauskorrak. Héctor Abad Faciolince idazle kolonbiar handiak hau idatzi du: “Ezkontzaren, maitasun-harreman luzeen, zorigaitz handia sexu-desiraren narriadura da”. Hau da, desirak kale egiten badu, ez du zentzurik konpromisoari eusteak.
Ohikoa izaten da komunikabideetan edota sare sozialetan irakurtzea Mexikoko rantxerek Euskal Herrian duten arrakastari buruzko iritziak. Azken aspaldian, bereziki ETB1eko Oholtza saioaren harira, ez dira gutxi ironiaz eta sarkasmoz josiriko txioak eta iruzkinak.
Adierazgarriena, ordea, saio horrek duen audientzia altua da. Euskal Herrian Mexikoko musika rantxerak duen arrakastaren adierazpena bertzerik ez baita.