Jakina denez, Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldera milaka euskaldunek emigratu zuen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen zati handi batean. Gizon, emakume, gazte, familia osoak… atzerriratu ziren, lehenengo emigratzaileen urratsei jarraituz eta haiek emandako argibideak aintzat hartuz. Etorkizun oparoagoaren bila abiatu ziren, ilusioz beterik. Ama-lurra utzi eta Ipar Amerikan finkatu zirenen artean, artzain-lanetan aritu zirenek osatu zuten talderik handiena.
Beren familiak eta sorterriak atzean utzita, distantzia handiak egin behar izaten zituzten euskal artzainek larrez larre, ardiak lasai eta zabal ibil zitezen. Egunak amaigabeak ziren, eta ardi-zaintzaileak erne zeuden bitartean artaldea behar bezala elikatu zedin, beren izenak, pentsamenduak eta fantasiak grabatzen zituzten zuhaitzen azalean. Gehienek izena eta data idazten zuten, baina ausartagoak ere baziren, beste gai batzuei buruzko testuak edo marrazkiak zizelatzen zituztenak, hala nola beren sinesmen politiko edo erlijiosoak, euskal aberria edo emakume baten desioaren irrika aseezina.
Gure amamari itzelean gustatzen zitzaion andaputxuan eguzkitan egotea, gure baserria hotza da-eta udan, eta neguan zer esanik ez.
Andaputxuan, eguzkitan egon bakarrik ez, beharren batzuk ere egin behar izaten ziren. Ondo dakigu-eta baserritarrok baserrian beti dagoela zereginen bat, eta, eguzkitan gaudela atseden apurren bat hartzen ere, behartxoren bat etorriko zaigula eskuartera.
Hantxe garantzen genituen indaba eta artoa. Garandu aurretik ere, hantxe egoten zan sikatzen zabal. Hurritzak batu orduko ere, bertan apartatu eta garbitzen ziren. Tomate sasoian, berbertan zuritu, zatitu-eta egiten zan, geroagoan egosi eta poteetan sartzeko. Eta, beharrok alde batera utzita, jaiegunetan, auzoren bat edo gonbidaturen bat etortzen zenean ere, lehenengo berriketalditxoa etxe barrura sartu aurretik andaputxuan egiten zen, jesarrita eta kopauren bat hartzen. Horrexegatik jagoten zen horren ondo eta lorez apaintzen zen.
Ez da erraza ulertzea zergatik eraiki ziren emakumeek arropa garbitzeko espazioak. Ez zen garai berriekin batera zetozen higiene-neurriak ezartzea bezain sinplea izan. Gainera, jakin badakigunez, gure herrietan ez zegoen apenas ondasun komunik: uraska txiki bat, iturriren bat edota kontzejuaren batzar-etxea baino besterik ez. Eta deigarria da, halaber, gizon berberak zirela, kontzejukoak, garbitokia eraikitzeko erabakia hartzen zutenak, emakumeek arropa garbitzeko zeregin hori baldintza hobeetan bete zezaten. Ordura arte, ibai eta erreketako ur hotzetan egiten zen lixiba, ur-bazter ospeletan, gehienetan, eta hara eramaten zuten, buruaren gainean, etxeko arropa zikina, xaboitu eta harri lau batean jotzeko, ura ia-ia musukatu arte bizkarra okertuta.
Sukaldea —edo ezkaratza, Gernikaldean diogunez— izan da eta oraindik ere bada etxearen bihotza, eta sukaldeko sua bihotz horren bizigarri. Funtsezkoa zen etxekoen janaria prestatzeko, bai bizilagunena bai piztiena, eta etxea berotzeko ezinbestekoa. Suaren ingurumarian ematen ziren ordurik gozoenak; hainbeste bizipen eta istorio zahar kontatzen ziren bertan, eta ezagutzak ere hantxe transmititzen ziren belaunaldiz belaunaldi.
Baserrietako beheko sua eraikitzeko, hiru aldeko markoa behar izaten zen, gaztaina-zurez edo haritz-giharrez egina. Bazterreko bi aldeak hormari josten zitzaizkion, eta hirugarrena horiei biei. Irmo eta sendo finkatu beharra zegoen, eror ez zitezen. Barrualdea adreiluz eraikitzen zen, trenkadak egiten diren bezalaxe. Oinarria, aldiz, burdinurtuzkoa zen, landua izanez gero, okertu egingo litzatekeelako, bestela; eta sukaldeko zola baino goratxoago muntatzen zen. Atzealdeko txapa ere burdinurtuzkoa izaten zen gehienetan, edo hareharrizkoa inoiz, irudi erlijioso edo profanoz apainduta, esaterako Gernikako Arbolaz.