Neguko maskaradak Europako mendebaldean, zati handi batean behinik behin, ospatzen diren jai-erritu bereziak dira, eta Gabonetatik edo urte-hasieratik inauteri-garaia amaitu arte antolatzen dira. Honako bereizgarri hauek elkartzen dira ospakizunotan: komunitatearen lurraldetasuna edo gizarte-kohesioa, auzotasuna eta komentsalitatea, erritu ilunak (Naturaren emankortasuna edo berpizkundea) eta maskaradunek eragindako sentimendu bikoitza. Horren guztiaren atzean, gehienetan, gazteria egon ohi da, ezkutuan edo modu anonimoan antolatuta. Musika, matraka eta soinua, dantza eta antzerkia ezaugarritzat dituzten konpartsa nabar edota xumeetan biltzen dira gazteok. Maskara zaratatsuak, beldurgarriak edo zanpatzaileak; piztia basatiak; irudi bitxi eta irrigarriak; pertsonaia kritikoak, bizitza kolektiboaren egunerokotasuna eszenifikatzen dutenak; bidezain zein bide-garbitzaileak… Horiek denak ikusiko ditugu maskaradetan.
Gaur egungo Gipuzkoako inauterien elementu garrantzitsua da Kaldereroen konpartsa, izan ere, hamabi udalerritan antolatzen dira kaldereroak: Andoain, Astigarraga, Azpeitia, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Oiartzun, Ordizia, Pasaia eta Tolosan. Kasu gehienetan, inauterien aurreko astean kaleratzen dira kaldereroak, eta, beraz, inauteriak badatozela iragartzen dute.
Joan den mendearen bigarren erdira arte, umeak sei-zazpi urterekin hasten ziren eskolara. Derrigorrezko eskolatzea laburra izaten zen: hamabi urtera artekoa normalean, hamalau urtera artekoa gehienez; betiere kasuan kasuko familiaren etxean zegoen eskulan-beharraren arabera. Eskolatze-aldia ez zen inolaz ere behar bestekoa izaten, neska-mutilen ganorazko prestakuntza bermatzeko, eta, gainera, eskoletako absentismo-indizeak altuak ziren, batez ere landa-eremuetan, batean etxeko lanen premiagatik, bestean eguraldi txarragatik. Izan ere, prezipitazioek eta tenperatura baxuek asko zailtzen zizkieten baserritik ikastetxeraino egunero oinez egin beharreko ibilbide luzeak ikasle askori.