Denboraren mende gaude; baina, zenbaterainokoa da dugun mendekotasun hori? Ba al dakigu jakin une bakoitzari ematen diogun balioa? Oraina, adin batera orduko, eta agian orokorrean, igarri eta antzeman ezina iruditzen zaigu; sentitu ere ez dugu egiten. Iragana urrunekoa da, oroitzapenek bizipenez liluratzen ez gaituztenetan. Eta etorkizuna berez bihurtzen da orainaldi…, edo alderantziz.
Gizakiaren existentzia, gertaerak eta bilakaera neurtzeko formulek, sinetsi ala ez, joan-etorriak izan dituzte, baita erlijio-aitorpenaren araberako onespena, desfaseak eta eguneratzeak ere. Horrexegatik eta horrexetarako sortu ziren egutegiak, nahiz eta eguna, astea edo urtea neurtzen zituzten jakin ez.
Harremanetan eta jolas-jardueretan eragin handia izan duten zenbait tradizio (abestiak, inprobisazioak, ipuinak eta elezaharrak, musika- eta erritmo-barneratzeak edota joko eta dantza informalak) gauzatu eta garatu dira familien esparru pribatuan, auzo-taldeetan eta auzo-elkarteetan. XVI. mendetik aitzina penintsulako geografia osoan hedatu zen gizarte-fenomeno horrek Euskal Herrian ere oihartzuna izan zuen, eta modu zabal, espontaneo eta ez bateratuan agertu zen.
Neguaren bihotzean, urtarrilaren 17an ospatzen da San Anton edo San Antonio Abad (ekainaren 13koa San Antonio Paduakoa da). Gabonak igarota, aratusteak bidean dirala, tarteko sasoi horretan estimazino handiko jaiak ospatzen dira: San Antonegaz batera, Kandelario otsailaren 2an, San Blas 3an eta Santa Ageda 5ean. Jaiok guztiok, neurri baten behintzat, aratusteen zikloan sartzen dira. Danak dira tostadak jateko egunak, kasurako.
San Anton egunera etorrita, animalien babesle moduan, baserritarrek estimu handian euki dabe. Abeltzaintzak indarra euki dauen lekuetan, etxeko ekonomian eragin handia euki dauen herrietan, santu nagusia izan da eta gora handiz ospatu izan da.
Sasoian sasoikoa da baserriko legea, eta udagoienean, sagarrak batzeari esetsi behar diogu. Urte guztiak ez dira berdinak, batzuk beste batzuk baino emankorragoak dira, eta aurtengoa izan da, izan ere, horietarikoa, emankor-emankorra. Gaur, etxekook denera ailegatu ezinik eta, edo konpotan edo gordinik jaten ditugu, eta sarritan, lagunen artean banatzen ditugu, alferrik gal ez daitezen.
Aspaldian, sagarrekin sagardoa egiten zen baserririk gehienetan, eta sagardoa egiten zenetan pitikina ere bai. Alejandro Olabarriak, Orozkoko Udiaga auzoko semeak, esaterako, oraindik ere pitikina egiten du urtero-urtero, besterik ez ei du-eta etxean egiten ikusi. Entzunda eduki badauka, baina, etxeko osaba batek sagardoa egiten zuela, berak ezagutu ez badu ere. Akorduan dauka , garai batean, Basauriko maiorista bati saltzen zizkiotela sagarrak, eta idiek tiraturiko gurdian bajatzen zituztela herriraino, handik Basaurira autoren baten eroateko. Partikularrei ematen zizkietelakoa ere gogoan dauka, sagarrondoa hainbeste pezetatan, eta eurak arduratzen zirela batzeaz.