Abenduaren 22an Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundearen (EKE) zuzendariak bisita egin dau Labayruko Euskal Bibliotekara.
EKE erakunde publiko bat da, Uztaritzen egoitza daukana. Bere helburua Iparraldean euskal kultura ikertu eta zabaltzea da.
Luis Angel Gainza kolaboradorearean bitartez etorri da Etxegoin, hemendik aldizkari eta liburu batzuk euren liburutegirako eroateko. Horreekaz batera gure argitalpenak be eroan ditu, euskereagaz lotutakoak batez be.
Euskal Kultur Erakundeak Uztaritzeko egoitzan liburutegia dauka ikertzaileentzat; horregaitik, gure Euskal Bibliotekagaz materialen trukerako hartu-emona dauka, eta oso eretxi ona hartu deutso.
San Martin familiako kideak Derioko Euskal Bibliotekara bisitan etorri dira irailaren 9an. Jose Mari Argoitia zanaren senideek Labayru Fundaziora bideratu dabez haren ondasunetako batzuk, kultura-gaietako liburu, disko eta bideoak gehien baten. Helburua da ez daitezala galdu; horregaitik, Euskal Bibliotekari eretxi deutsie gordailu egokia, katea eten barik, beste batzuen eskura geratu daitezan.
Jose Mari Argoitia (Ondarroa 1958-Loiu 2016) kazetari moduan behar egin eban EITBn, batez be kultura eta musikako saioetan. Horrez ganera, oso ezaguna zan kulturako arloetan, kantari oso ezagunen kantuen sortzailea, kultur ekintzen eragile… Bere jakituria eta jakinmina neurri bakoak ziran, eta horren erakusle dira etxean zituan liburu, disko, bideo, aldizkari eta euskarri guztietako argitalpenak.
Ondorengoek horreek Labayru Fundazioaren esku jarri ditue, eta honek apurka-apurka bere katalogoan txertatuko ditu, gura dauenak konsultea eskura euki daian.
Apirilaren 21ean Mikel Bilbao, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte eta Musika Saileko irakaslea, bisitan egon da Labayruko Euskal Bibliotekan.
Mikel Bilbao Arte Eder Museoak 2015eko urrian zabaldu eban “Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren Bildumako kartelak (1886-1975)” erakusketako komisarioa izan da. Horretan da aitua bera, kartelgintza dau doktore-tesirako gaia be.
Gure Liburutegian kartelak ikusteko etorri da, izan be, 80.000 kartel inguruko fondoa daukagu, batzuk berak ezagutzen ez zituanak be. Oso irudi ona hartu dau, bai batzuen balio artistikoagaitik bai kopuruagaitik